Nerea GOTI
Z

BOST HILABETE ETA GERO ERANTZUKIZUN ESKE, ARRIOLAREN DIMISIOAREKIN HASITA

ZALDIBAR ARGITU HERRI EKIMENAK ATZO EIBARREN DEITUTAKO MANIFESTAZIOAK GOGORA EKARRI ZUEN, BOST HILABETE ETA GERO, JOAQUIN ETA ALBERTO LANGILEEK DESAGERTUTA JARRAITZEN DUTELA MILAKA TONA ZABORREN AZPIAN. «ERANTZUKIZUNAK» EXIJITU ZITUZTEN; LEHENIK ETA BEHIN, IñAKI ARRIOLA INGURUMEN SAILBURUAREN DIMISIOA.

Bihar bertan bost hilabete beteko dira Zaldibarko zabortegiko luizia gertatu zenetik. Ordutik bi lagun daude desagertuta milaka tona zaborren azpian, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze. Gertakari larriaren harira, hondakinen kudeaketaren gaineko kezka areagotu egin zen herritarren artean, baina, bat-batean, covid-19aren pandemia iritsi eta «bigarren konfinamendu bat» jasan behar izan zuten zabortegiaren inguruko herritarrek, eta «batzuek isilik egoteko eta gaia ahanzturan uzteko baliatu nahi izan badute ere, guk ez», salatu zuen atzo Zaldibar Argitu plataformak. Horregatik, herri ekimenak Eibarko hirigunea zeharkatu zuen manifestazioa deitu zuen atzo, otsailean gertatutako istripua gogoan. Deialdiak ELA, LAB eta CCOO sindikatuen babesa izan zuen.

Jokin Bergara plataformako kideak mobilizatzeko arrazoiak azaldu zituen: «Bost hilabete pasatu dira eta oraindik ez dute erantzukizunik jarri mahai gainean. Iruditzen zaigu gertatutakoa eskandalu publiko itzela dela, eta, higiene demokratiko hutsagatik, dimisioak egon behar direla mahai gainean». Arduradun nagusiek izen propioak dituztela nabarmendu eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Iñaki Arriola Ingurumen sailburua aipatu zituen. Nabarmendu zuenez, «deigarria» da «hemengo erakundeek bizkarra eman» izana eta «babes bila» Europar Batasunera jo behar izatea, plataformak berak eta beste eragile batzuek Europako legebiltzarrari «gertakariak ikertzeko» eskatu berri baitiote.

“Erantzukizunak nahi ditugu” leloak zabaldu zuen mobilizazioa. Buruan, Alberto eta Joaquinen senideek langile bien izenak zituzten irudiak eraman zituzten.

Heriotzak, furanoa...

Untzaga plazan hasiera eta bukaera izan zuen manifestazioak ehunka lagunen parte hartzea izan zuen, lau lerrotan kokatuta, segurtasun neurriak tarteko. «Arriola dimisión» eta «Zaldibar argitu, gezurrik ez» oihuak entzun ahal izan ziren ibilbidean zehar. Beste zenbait lelo ere erakutsi zituzten manifestariek: “PNV-PSOE, diruaren morroiak” edota “Birusa zuek zarete” ziotenak kasu.

Mobilizazioa ixteko irakurritako komunikatuan, herri plataformak otsailaren 6an eta ondorengo egunetan gertatutakoa ekarri zuten gogora: Alberto eta Joaquinen desagertzea, erreskate taldearen lehen esku hartzea «amianto eta substantzia toxikoen artean» lanean «inolako babesik gabe», furanoa eta dioxinak tarteko herritarren osasunarentzako izandako arriskuak...

«Hondakinen kudeaketa ezin da saldu, ezin da dirua sortzeko makina bat bilakatu», adierazi zuen Zaldibar Argitu plataformako bozeramaleak. Hondakinen kudeaketarekin lotuta Josu Jon Imazek 2000. urtean sinatutako agindua bertan behera uztea exijitu zuen herri ekimenak, baita «bakoitzaren ardurak mahai gainean» jartzeko ere. Lakuako Gobernuari «ardurak noiz hartuko» dituen galdetu zioten, eta Iñaki Arriola Ingurumen sailburuaren dimisioarekin hasteko eskatu zuten. Eibarko alkate ohia «auzia argitu artean edozein kargu politikotatik urruntzea» exijitu zuten.

Todo sobre Z