GARA
OSASUNA

Hiru puntu baino pixka bat gehiagoko partida

Badirudi Osasunan inork ez duela Europari buruz hitz egin nahi. Baina behin benetako helburua lortuta –Lehen Mailan mantentzea, alegia–, zergatik ez harago begiratu? Gorritxoek aurkari gogorra izango dute aurrean gaur Sadarren; Jose Bordalasen Getafe, hain zuzen ere. Europa Leagueko postua eskuratzea oso zaila dute nafarrek, zazpigarren dagoen Reala sei puntura baitute, eta Getafe, seigarrena, zortzi puntura baitago oraintxe bertan.

Zailtasunak zailtasun, Osasunako jokalariak oso motibatuta daude, geldiunearen ondoren emaitza apartak lortu baitituzte –hiru garaipen jarraian–. Eta Bordalasek oso ondo daki hori. Baita Jagoba Arrasatek ere. Bere taldeak errekor bat berdin dezake gaur irabazita: 2004-2005 denboraldian, Javier Aguirre mexikarra aulkian zela, lehen aldiz lau garaipen jarraian lortu (Racing, Sevilla, Atletico eta Villarreal) eta 10 puntu 18tik lortu zituen Osasunak hasieran. Azaroan Getafeko neurketan berdinketa lortu zuten gorritxoek.