Sustraiak Abentura, naturaz eta kirolaz gozatzeko aukera Lea-Artibain

Konfinamendua amaituta, Etxebarriko Antsotegi hotelean egoitza duen Sustraiak Natura enpresa hasi da naturaz eta kirolaz gozatzeko jarduerak eskaintzen: arroilen jaitsiera, zubi jauziak, eskalada, espeleologia edota mendi irteerak, baita itsasoari lotutakoak ere.

Antsotegi hotela Markina eta Etxebarria artean kokatua dago eta XVIII. mendeko burdinola baten horma sendoen artean eraiki zuen Hernando familiak orain dela hamazazpi urte. Gontzal eta Julen Hernando Etxebarria dira gaur egun bertako arduradunak eta orain dela sei urte Sustraiak Natura enpresa sortu zuten turismo aktiboa eta abentura kiroleko jarduerak eskaintzeko, Leaktibai kooperatibaren bitartez.

Julenen esanetan, «Lea-Artibai eskualdeak aukera zabalak eskaintzen ditu entretenimendu jasangarrirako». Parte hartzaile kopurua kontrolatuta eta erabiltzen diren ekipo guztiak aldiro desinfektatuta, arroilen jaitsiera, ur jarduerak, puenting-a, eta bestelako jarduerak egiteko aukera zabaldu dute. Sustraiak Natura enpresaren bidez, hoteleko bezeroekin «goizero aktibitate desberdinak» egiten dituzte. Antsotegiko horma zaharrak aprobetxatuz, haurrentzako eskalada, ginkana eta tirolinak ere prestatzen dituzte.

Donejakue bidea igarotzen da Antsotegi hotelaren paretik, eta, horregatik, erromes askok geldialdia egiten dute bertan inguru lasai baten bila. Hernandok argitu du haien bezero gehienak euskaldunak direla, baina Katalunia, Madril eta Valentziako jendea ere asko joaten dela.

Udan espero duten bisitarien inguruan, berriz, ondorengoa esan du Gontzal Hernandok: «Igarri dut familia espainol batzuk etortzen ari direla, Estatutik kanpo ez dutelako bidaiatuko, eta badakite hau inguru sanoa dela. Herrian lau kutsatu bakarrik egon dira, eta jendea asko lasaitzen da hori jakitean. Kutsatu kopuru gutxi duten tokien bila ari da jendea».

Bisitari guztientzat, lasaitasun mezua helarazi nahi izan du. «Segurtasun neurri guztiak hartu ditugu eta eremu segurua da».

Laguntzarik gabe

Ostalaritzako beste edozein enpresari bezala, Antsotegikoei ere luze egin zaie konfinamenduan itxita egon beharra. Hotela eta jatetxea martxoaren 14an itxi zituzten. «Antsotegi bezalako negozio batek udan egiten du dirua, irailera arte gutxi gorabehera. Hortik aurrera udan lortutako aurrezkiekin ibiltzen gara. Eta Aste Santuan dena bertan behera geratu zen, diru-sarrera barik geratu ginen», esplikatu du Gontzalek. Bidean, «instituzioek utzi egin gaituzte», nabarmendu du.

Itxialdia «zoramena» izan zela esan du; hala ere, eraikinean lanak egiteko baliatu zuen Antsotegi hotela kudeatzen duen familiak, «geldik ez egoteko».

Orain dela hilabete ireki zituzten hotela eta jatetxea, bertako bost langileri enplegu erregulaziorako behin-behineko espedientea altxatu ostean. Udan hamabi langile izatera iristen dira, baina, aurten, diru arazoak medio, bi lagun eta erdi gutxiago arituko dira lanean.

«Neurri zorrotzak» ezarri zituzten hotela eta jatetxea irekitzerakoan: bi metroko distantziak, eraikinera sartzeko ilarak, txandak errespetatu eta maskararen erabilera, kasurako. Hernandok ziurtatu du negozioa ireki aurretik langile guztiek koronabirusaren testa egin zutela, eta formazio berezi bat ere jaso dutela covid-19 gaitzarekin nola lan egin ikasteko; soilik neurri horiek hartuta jarri zituzten martxan zerbitzuak.

Bezeroen inguruan, aipatu du hotelera doazenek «oso ondo» errespetatzen dituztela ezarritako neurriak, arazo gehiago dituztela jatetxekoekin, «gainean» egon behar izaten dutelako.

Edonola ere, Gontzalek ez du begi onez ikusten konfinamenduan eta horren ondoren turismoa babesteko instituzioek izandako jarrera. Lakuako Gobernuaren jardunbidea «lotsagarria eta tamalgarria» izan dela dio, bere hitzetan, ez dutelako turismoa lagundu egoera zail honetan. «Mailegu guztiak kobratu dizkidate, ura, gasa, dena. Informazio gabe ibili gara», gaitzetsi du.