GARA
FUTBOL HISTORIA

Realaren intsignia, Auschwitzen hil zuten gazte judu baten paparrean

Auschwitz Memorial museoak Jiří Popper gazte juduaren omenez txio bat argitaratu du Twitterren astean zehar. Euskal erabiltzailebatzuk adi aritu dira gazteak paparrean duen ikurra identifikatzerakoan: Realaren pina da eta zenbait hipotesi zabaldu dira.

Auschwitz Memorial museoak, bere Twitter kontuaren bidez, Jiří Popper gazte juduaren urtebetetze eguna gogoratu du asteon, Auschwitzera deportatu eta bertan hildakoak gogoratzeko egin ohi duen bezala. 1923ko uztailaren 21ean jaio zen Jiří Popper, eta, hogei urte geroago, Terezingo ghettotik deportatu zuten Auschwitzera. Ez zen bertatik bizirik irten.

Uztailaren 21eko txioak, ustekabean, istorio harrigarri bat azaleratu du, baita Auschwitz Memorial museoarentzat ere. Izan ere, @adribeloki erabiltzailea adi aritu zen zabaldutako argazkian Popper gazteak paparrean Realaren intsignia zuela ohartarazteko. Museoko komunikazio arduradunek onartu zutenez, ez zuten ezagutzen Pragatik 70 kilometrora naziek milaka eta milaka judu atxiki eta kontzentrazio esparruetara bidaltzeko sortutako Terezingo ghettotik Auschwitzera heldutako gazte batek zergatik zeraman Realaren ikurra. Hipotesi moduan, klubak Txekoslovakiarekin II. Mundu Gerraren baitan harremanen bat izan ote zuen aipatu zuten.

Bada, hipotesi horri jarraiki, @adribeloki erabiltzaileak duela hilabete bat @atotxaorg kontuan argitaratutako txioa berreskuratu du. Bertan esaten zen Pragako talde judu baten aurka bi neurketa jokatu zituela Realak: «1923an, Franz Kafka hil baino hilabete batzuk lehenago, Realak bi partida jokatu zituen Deutscher Fußball-Club Prag taldearen aurka, hau da, Alemanian jokatu nahi zuen Pragako juduen kluba. 1-3 nagusitu ziren ‘txekiar-alemanak’ batean eta 3-0 txuri-urdinak bestean».

Realak ere aipatu neurketak ekarri ditu gogora eta urte bat geroago bi taldeok beste partida bat jokatu zutela jakinarazi du. «Istorio bitxi bat ezagutu dugu gaur Auschwitz Museumi esker. 1923ko Eguberri egunean, juduz osaturiko Pragako Deutscher taldearen aurka jokatu genuen Atotxan, 1-3 galduz. Hurrengo egunean, 3-0 irabazi genuen. 1924ko abuztuaren 31n, egiten ari ginen bira baten baitan, Pragan jokatu genuen berriro elkarrekin eta 11-1 galdu. Pin historiko eta sinbolismoz betea. Mila esker!», azaldu du Realak.

Hala ere, kontuan hartuta Popper 1923an jaio zela, hilabeteak baino ez zituen neurketok jokatu zirenean. Hortaz, ezin daiteke ziurtatu neurketon ondotik jasotako pina zuenik soinean. Museoak beste aukera bat ere aipatu du: Reala Euskal Herriko taldea izanik, agian 1936ko gerrarekin lotutako adierazpen politiko gisa erabil zitekeela pina. Gerra aurreko Txekoslovakiako gizartean aditu den historialari baten laguntza ere eskatu du pinaren atzean zer istorio dagoen ezagutzen saiatzeko.

Ander Izagirre kazetariak beste datu bat jarri du mahai gainean. Garaiko Realaren ezkutuak “SS” hizkiak zituen, Donostiako gaztelerazko izenaren laburdura gisa. Laburdura hori, hain justu, Alemaniako alderdi naziaren “Schutzstaffel” talde paramilitarrak erabiltzen zuen.

Un detalle tremendo y supongo que irrelevante en esta historia (o no, vete a saber): en aquellos años el escudo de la Real también llevaba las letras SS. En la foto de esta víctima de Auschwitz no se aprecia. https://t.co/rkHieHh2r2

— Ander Izagirre (@anderiza) July 21, 2020