GARA
ZUMARRAGA

Eguzki-farolen instalazio bat jarri dute Zumarragako Urtubi parkean

Ekiona enpresak Moon modeloko 48 eguzki-farolak osatutako instalazio bat martxan jarri du Zumarragako Urtubi parkean. Proiektu berritzaile honekin «ongizatea eta jasangarritasuna batu» nahi izan dituzte. Besteak beste, norbait pasatzen denean argiaren intentsitatea handiagoa izatea eragiten duen presentzia-detektagailu bat du instalazioak.

Ekiona eguzki-argiztapeneko enpresak eguzki-farolen lehen instalazioa jarri du Zumarragan. Instalazioa Urtubi parkean dago. Ingurune natural batean kokaturik, herritarrentzako baratzeak, haurrentzako parke bat eta txakurren parke bat dituen gunea da Urtubi parkea.

Enpresaren arabera, horrelako instalazioek onurak sortzen dituzte bai udalerriko biztanleentzat bai ingurumenarentzat ere. Biztanleei dagokienez, enpresak adierazi du egiten dituen eguzki-farolak eremu isolatuetan eta sarera konektatzeko zailtasunak dituzten eremuetan instalatzen direla, eta, horrela, «sarerik ez duten eremuetan argiztapen beharrak asetzea lortzen da, segurtasuna eta ongizatea modu jasangarrian handituz». Ingurumenari dagokionez, enpresak adierazi du instalazio horiek karbono dioxidoa bezalako berotegi efektuko gasen emisioa murrizten dutela, eta horrek «planetak gaur egun jasaten duen beroketa globala murriztea» dakarrela.

Horrez gain, Ekionak azpimarratu du Urtubi parkeko instalazioak LED argiteria duela eta baita Kenlok telefonogune adimenduna ere, eguzki-farolen instalazioen funtzionamendu parametroak kudeatu, kontrolatu eta monitorizatzeko erabiltzen dena. Enpresak azaldu duenez, presentzia-detektagailu bat ere badu instalazioak, eta, horri esker, norbait gertu pasatzen denean, argi-intentsitatea areagotu egiten da. Horrek, noski, instalazioa «askoz eraginkorragoa eta errendimendu handiagokoa» bilakatzen du.

Aldi berean, Ilumek plataformak kale-argi parkea une oro telekudeatzen du, instalazioaren egoera egiaztatzeko. «Jasotako alertei eta informazioari esker, esku-hartzeren bat behar izanez gero, azkar eta eraginkortasunez jardun daiteke», nabarmendu du Ekionak. «Instalatutako farolei esker, hemendik aurrera parkearen eremua seguruagoa izango da. Lehen ez zegoen tokietan argiztapena eskaintzeaz gain, balizko ekintza bandalikoak eragozteko baliagarria izango da», azaldu du Ekionak.

Donostiako Miramon Parke Teknologikoan kokaturik dago Ekiona enpresa. 2010. urtetik aurrera, egungo beharretara egokitzen diren eguzki argiztapen soluzioak eskaintzen ditu.

Hainbat modelo

Hainbat farola modelo eskaintzen ditu Ekionak, lekuaren eta beharren arabera: «xumea eta funtzionala» den Urban; «trinkoa, estetikoa eta efizientea» den Moon; «arina, apala eta erabilpen berezietarako egokia» den Buried; «oinezkoentzako pasabideetarako diseinatutako» Crooswalk; eta «biribilgune zein hiri edo hiriarteko bideetarako diseinatutako» Skyline. Zumarragan Moon modeloko 48 eguzki-farola jarri dituzte.

Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere jarri ditu eguzki-farolak Ekiona enpresak, besteak beste, Astigarragako bidegurutzeetan eta bide-sarbideetan, Hernaniko Karabel auzoko baratze ekologikoan, Orioko kostako errepidean, Itziarko birziklatze eremuetan, Amurrioko industriagune batean, Derioko jolasgune batean, Larrabetzuko urbanizazio batean, Munitibarreko autobus geltokietan eta Barrundiako skate parkean.

Euskal Herrian ez ezik, Katalunian eta Espainian ere jarri dituzte instalazioak, hala nola, Bartzelonako lantegi batean, Castelloko Nules herriko aparkaleku batean, Salamancako Castellanos de Moriscos udalerriko bidegorrian edota Cadizko Unibertsitatearen etorbidean.