GARA
BAMAKO

Malin krisi politiko larria gaiztotzen ari dira jihadistak

Maliko Armadak eraso gehiago pairatu ditu azken orduetan eta gutxienez 10 soldadu galdu ditu. Jihadisten etengabeko erasoaldiak herrialdeak bizi duen krisi politiko larria areagotu baino ez du egiten. Nazioartea gero eta urduriago dago Maliren etorkizunarekin.

Gutxienez bost soldadu hil eta beste hainbeste zauritu dituzte jihadistek Mali erdialdean, Bamakotik 300 bat kilometro ipar-mendebaldera, egindako bi erasoetan.

Aurrenekoan, Armadaren konboi bati segada egin diote, Diabali eta Gomacoura artean. Bigarrenean, azken herri horretan kuartel baten aurka eraso egin dute jihadistek, artilleria astuna erabiliz. Gomacura herria Segou eskualdean dago, Mauritaniako mugatik 100 bat kilometrora.

Ekain erdialdean gutxienez 24 soldadu hil zituzten jihadistek Diabalitik gertu izandako eraso batean. Urte hasieran, urtarrilaren 26an, beste 20 bat hil ziren inguru haietan Islamaren eta Musulmanen Sostengurako Taldeak (GSIM) bere gain hartutako erasoan. GSIM Saheleko talde jihadistarik indartsuena da eta Al-Qaedaren agindupean dago.

Bertako predikari musulman batek, Amadou Koufak, GSIMekin bat egin zuen 2017an eta peul tribu nomadako kide asko eraman ditu Al-Qaedaren altzo hilgarrietara.

Peulak (“fulani” ere esaten diete) aspalditik dogoien tribu sedentarioarekin lehiatu izan dira, lurra nork eskuratu erabakitzeko.

Nazio Batuen misioak, Minusmak, eskualdean fulanien aurkako errepresio bortitza leporatu dio Armadari, eta urtarril eta apiril artean gutxienez 50 zibil erail zituela salatu du.

«Maliko Indar Armatuek oraingoz bost hildako eta bost zauritu izan eta hainbat ibilgailu galdu dituzte», azaldu du Armadak idatzi batean, eskualdera errefortzuak bidali dituela gaineratuz. Galdutako ibilgailuen artean lau pick-up eta pare bat ibilgailu blindatu daude.

Ahuldade politikoa

Malin eta, oro har, Saheleko herrialdeetan gero eta eraso gehiago egiten ari dira jihadistak. Al- Qaeda eta Estatu Islamikoa bertan daude, nork min handiagoa egin lehia bizian. Gainera, komunitate eta tribuen arteko liskarrak erabiltzen dituzte bazterrak nahasteko.

Hori aski ez balitz, metropolia izandako Frantziaren menpe jarraitzen duten Saheleko bost estatuak –Burkina Faso, Txad, Mauritania, Niger eta Mali bera– oso ahulak dira.

Malin horri guztiari krisi politikoa gehitzen zaio. Oposizioak gaurtik agortutzat eman du Aid al-Adha jai musulmanaren inguruko tregoa, eta jarraitzaileei kalera ateratzera dei egin die. Ekainaren 5eko Mugimenduak (M5-RFP) hauteskunde iruzurra salatu zuen eta hainbat barrutitan bozen emaitzak indargabetu zituen Auzitegi Konstituzionala berritzea lortu du. Halere, uko egin dio batasun gobernu batean sartzeko Boubou Cisse lehen ministroak egin dion gonbitari eta Ibrahim Boubacar Keita presidenteak kargua utz dezala exijitzen du, ustelkeria eta iruzurraren erantzukizuna leporatzen baitio.

Bitartean, desobedientzia zibilarekin jarraitzeko asmoa du eta Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoaren bitartekaritza lanak ez du oraingoz fruiturik eman.