Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
Entrevista
AINHOA ETXEBERRIA
BERA BERAKO JOKALARIA

«Talde on bat izateko, lana ondo egin behar dute taldekide guztiek»

Ainhoa Etxeberria (1998, Oiartzun) Medikuntza Graduko bosgarren mailara igaro da, Ohorezko Mailan bere ligako lehen garaikurra eskuratu duen ikasturte berean. Azaltzen duen moduagatik erraza dirudi, baina itzaleko lan mardularen emaitza da.

«Non nahiago duzu jokatu?», erantzuten omen dio Imanol Alvarez entrenatzaileak Ainhoa Etxeberriak edozein postutan jokatzeko prest dagoela esatean: «Esan izan diot, mesedez, galdera bat ez erantzuteko beste batekin». Oiartzuarrak iaz, irailean, egin zuen debuta Ohorezko Mailan. Bera Berako harrobitik San Adrianera igaro zen, Bilbon hiru urtez eskubaloia eta ikasketak uztartzeko, eta iaz, Donostiara itzultzean, Lehen Mailako ateak ireki zitzaizkion.

Bera Beran egokitu zaion rola onartu du. «Golak aulkitik ospatu behar badira, ospatu egiten da, taldea animatu behar bada, animatu egiten da. Giro oso ona daukagu eta guztiok animatzen dugu, batzuetan batzuek, beste batzuetan besteek eta Mirenek [Moreno], beti», dio barrez.

Entrenatzailearen hitzetara heldu da une zailenetan eta beste urte baterako kontratua berritu dio klubak: «Etxeko jokalaria naiz eta bertsatila naizela uste dut. Ezin dizut esan espero nuela baina, ez dakit...» Oraindik liga garaikurra jaso gabe, ospatu gabe, eta denboraldi-aurrea hasita (covid-19aren protokoloa jada barneratuta), eskubaloia, koronabirusa eta ikasketen erpinak jorratu ditu.

Aurten itzalean egon zara, nahiz eta gero pibot postuan minutuak izan dituzun.

Jendea partidetan fijatzen da, baina entrenamenduak ikustera etortzen bazara, ohartzen zara taldeko guztiok egiten dugula lan. Nik beti pentsatu izan dut talde on bat izateko lana ondo egin behar dutela taldekide guztiek. Egia da bigarren planoan eta pibot edo beste lanetan ibili naizela, baina zerbait egin dudala esan beharko da (barrezka).

Zer arlotan egin duzu lan ona?

Neure buruari jakinarazten gauza berri bat zela eta lasai hartu behar nuela. Norbera hobeto entrenatzen den heinean, pareko taldekideak ere hobeto entrenatu beharko du aldebiko lana burutzeko. Neure buruagan konfiantza handiagoa lortzen nuen heinean, besteari konfiantza handiagoa sortzen zitzaion eta feedback hobea sortzen zen.

San Adrian taldean, Zilarrezko Mailan, hiru urtez jokatzetik zentozen.

Bai, eta ez dauka zerikusirik. Han, unibertsitate ikasle baten bizitza egiten nuen, eta hemen, guztia profesionalagoa da. Ez da martxa bat gehiago sartu behar dela, Bera Bera beste auto bat da, esajeratua da. Gainera, sartu nintzen bete-betean Lehen Mailako txapeldunordea zen talde batean. Inpresio handia sortzen du. Ez naiz kontziente Ohorezko Mailan jokatu dudala eta ez naiz kontziente zeren nire bizitza guztian hobby gisa hartu dut. Gaur egun ere bigarren plano batean daukat eskubaloia.

Aurrena Medikuntzako ikasketak daude, ezta?

Oso argi dut lehentasuna ikasketak direla. Lehendabizi, Medikuntzako Gradua atera nahi dut eta eskubaloiarekin moldatu naitekeen bitartean, aurrera.

Eta moldatzen da Medikuntza ikasle bat goi-mailako kirolarekin?

Kontziente baldin bazara non sartzen zaren, bai. Egia da zortea daukadala, zeren urteka ondo daramat guztia, eta klasekideekin ere lagun talde bat egin dugu, elkar babesteko.

Urteak garbi eramatea ere oso zaila da.

Ez da oso zaila, astuna da. Gaitegia oso luzea da. Ordu asko dira ikasten eta izorratu egiten du bi orduz entrenatu ostean, agian goizez eta arratsaldez, etxera ailegatu eta ikasten hasi beharra ordu txikietara arte. Gogorra da, baina banekien hori egokituko zitzaidala. Orain kontziente naiz lau hilabete barru goizeko ordu biak arte ikasten ariko naizela, asteburuan Valladoliden partida izango dugulako. Eguna antolatzeko zerbait behar dut, ikasteko ordutegia zehazteko, eta eskubaloiak asko errazten dit.

Alegia, entrenatzera etortzen zara ikasketetatik deskonektatzeko.

Hemen kanpoko guztiaz ahazten naiz eta niretzat ihesbide moduko bat da. Adibidez, konfinamenduan etxean entrenatzen ginen eta egun guztia neukan ikasteko, baina ordu produktibo oso gutxi egiten nituen. Egia da, Rocasari hamar golengatik irabazi genionean pote batzuk hartzera joan ziren taldekideak eta ni etxera joan nintzen otorrinolaringologia ikastera.

Bizitza sozialerako ordu asko kentzen dizu.

Nire amak oso adibide ona jarri zidan. Bizitza honetan triangelu batek bezala hiru erpin dauzkagu: bizitza soziala, kirola eta ikasketak. Ikasketak lehen aukera dira eta ezin ditut hirurak maila berean eduki; beraz, beste bat aukeratu behar da. Nire kasuan kirola aukeratu nuen. Baina horrek ez du esan nahi bizitza soziala ez daukadanik. Nire taldekideek badakite afariren bat edo zerbait antolatuz gero, ni abuztuan, irailean eta urrian agertuko naizela. Azaroan, abenduan eta urtarrilean ez naute ikusiko kantxatik kanpo.

Medikuntza ikasle izanik, nola hartu duzu covid-19arena?

Ospitale baten funtzionamendua eta koronabirusaren eragina jakinda, gaztea izanda eta beste patologiarik eduki gabe, ni lasai nago. Gertatzen dena da ikusten dudala badagoela jendea inguruan kalte handia eragin dezakeena kutsatuz gero eta ez duena inongo prebentzio neurririk hartzen. Horrek jartzen nau tentsioan. Enpirikoki azalduta dago gauzak ondo eginez gero, ez daukazula zertan kutsatu. Musukoa baldin badaukazu, distantziak mantentzen badituzu eta etxera iristean eskuak ondo garbitzen badituzu, estatistikoki aukera gutxiago daukazu kutsatua izateko; hala ere, gerta daiteke, jakina.

Bosgarren mailara zoaz. Medikuntza ikasle bat prestatuta dago laguntzeko?

Erizain ikasleek, bai, lagundu zuten, lehenengo urtetik praktikak egiten dituztelako. Gure graduan, seigarren mailako urtea guztiz praktikoa den arren, nik uste dut laguntzea zaila dela. Egia da seigarren mailakoek beren burua eskaini zutela baina, nik dakidanez, ez ziren joan Donostiako ospitalera.

Bosgarren mailara garbi pasatu zara, liga txapelketa irabazi duzu. Berritu zenuenean zenioen ospatu arte ez zinela kontziente izango. Ospatu duzue?

Ez, orain bertan 18 pertsonako bazkari edo afari bat egitea arriskutsua izan daiteke. Gaur egun dagoen egoerarekin ospakizunak ez dira oso errazak. Silvia [Arderius] eta Merche [Castellanos] bazihoazenean afari txiki bat egin zen, baina ez gara guztiok batu; argentinarrak ez zeuden hemen, brasildarrak konfinamenduan egon dira...

Nola ikusten duzu taldea?

Egokitzeko egin beharreko lana aurreko urtean lortu genuen. Jokalari berri asko ginen, bakoitza bere jokatzeko moduarekin, eta ondo moldatu ginen. Konfiantza puntu hori daukagu. Hiru jokalari berri daude eta uste dut ondo egokituko direla. Bera Beraren jokatzeko modua ikustean badakizu nora zatozen.

Pibot moduan agertzen zara taldeko fitxa teknikoan. Edonon jokatzea gustatzen zaizu?

Etxean hitz egin nuen honetaz. Jokatzearekin, kirolaz disfrutatzearekin, ni kontent nago. Nire indargunea kanpotik jaurtitzea zen, egia da; baina sei metrora jarri ninduten eta zerbait egin nuen. Aurten etorri behar dena etorriko da eta, ona den bitartean, nik ongi etorria egingo diot.

Nola harrapatu zintuen Bera Beraren lehen deiak?

Ez nuen inola ere espero. San Adrianeko azken urtea oso txarra izan zen, entrenatzaile aldaketa izan genuen, jaitsieratik gertu ibili ginen... Ez zen nire urte onenetarikoa izan, nolabait. Bera Bera jubeniletan utzi nuenetik, orain nagoen bezala egoteko, oso trantsizio ona izan da kirolari bezala. Lehen urtean ez nuen asko jokatzen, ikasten hasi nintzen eta taldean garrantzitsu izaten amaitu nuen.

Ulertzen al duzu orain minutu gutxiago jokatzea?

Bai, guztiz. Ez dut esango oso gaizki pasatu dudanik, baina neure burua kontrolpean edukitzen lagundu dit egoera onartzeak. San Adrianetik etortzetik, dena jokatzetik eta taldean pisu handia daukan jokalari bat izatetik, hemen ezer edukitzera. Psikologikoki lantzea garrantzitsua izan da, kontziente izatea zer daukazun. Errealitate kolpe horrek hasieran izorratu egiten du, baina gero daukazunarekin disfrutatu egin behar duzula ohartzen zara.

Landu egin behar izan duzu?

Kostatu egin zitzaidan, baina nire gauzekin oso pertsona itxia naizelako eta neure buruari presio handia egiten diodalako. Iazko sasoiak irakatsi zidan lana egin behar nuela niretzat, niretzat eta niretzat. Gaur egun behintzat, honek ez dit jaten ematen eta gustura hartu behar da. Ez dudala jokatzen, ba ez dut jokatzen. Entrenamenduetan dudan guztia eman baldin badut, entrenatzailearen erabakiak erabaki teknikoak dira eta ez naiz inor hori ezbaian jartzeko.

Entrenatzaileak zer mezu eman dizu?

Imanolek [Alvarez] esaten zidan oso gustura zegoela nire lanarekin. Zerbaitetara heldu behar baldin baduzu, entrenatzaileak esaten dizunera heldu behar duzu; bestela, erori egiten zara. Lanean jarraitzeko esaten zidan eta nik lanean jarraitu nuen. Agian, bai falta izan zait kurtso bukaera hori sasoia ixteko.

Aurten zure bigarren urtea da, zein rol izango duzu?

Ez dut uste rol finko bat daukadanik; eraikitze prozesuan nago. Ikasi eta disfrutatu nahi dut. Taldeari laguntzen badiot, ba, horixe gehiago.

Ziurgabetasun egoera honetan nola moldatzen zara?

Egia da orain konplikatua dela. Ni ez naiz honetarako bakarrik bizi. Unibertsitatera joaten naiz, jende askorekin kontaktuan nago, etxean guraso eta anaiarekin bizi naiz... Horrekin ernai nago. Baina ezin naiz beldurrez bizi.

Liga hasiko dela uste duzu?

Ufa! Konplikatua da zerbait esatea. Kopa jokatzea posible da bizpahiru egun lehenago PCR probak egiten bazaizkie jokalari, epaile, hoteleko langileei... Guztiok negatibo ematen badugu eta hotelean sartu eta bertatik kiroldegirako bidea egiten badugu soilik, ACB Ligan bezala, ez da zertan arazorik izan. Talde batean kutsatu bat dagoen unean, dena nahastuko da. Taldea konfinatu egin behar da, izan dituen aurkariak ere konfinatu egin behar dira, eta segituan liga hasten da. Gauzak ondo eginda ondo atera daiteke, baina konplikatua da guztia ondo ateratzea.