05/08/2020

Dabid LAZKANOITURBURU
Kaxmir, Indiako amildegian

Negu gorria bizi du Indiaren mende dagoen Kaxmir herrialdeak, New Delhik autonomia estatus berezia kendu zionetik urtea betetzen den honetan. Errepresio bortitzak ez du etenik eta egoera ekonomikoak, aspalditik larria, okerrera egin du. Kaxmirren urte oso bat daramate konfinamendurik latzenean. Noiz arte iraungo dute?

Jammu-Kaxmir Estatua desegin eta Indiako Batasuneko lurralde izendatuzuten, Indiako edozein estatuk baino eskumen gutxiagorekin. Gobernuak bitan banatu zuenlurraldea;  Jammu-Kaxmir, mendebaldera eta Ladakh, ekialdera.

Gaur urtebete, Indiako Gobernuak indarrez bere mende duen Kaxmir herrialdearen Autonomia Konstituzionala bertan behera utzi zuen.

Hinduistek «aberrazio historikotzat» dute Jammu-Kaxmir eskualdearen estatus berezia, bere ikurra eta Konstituzio propioa onartzen dizkiona. Narendra Modi Indiako BJP alderdi hinduistako buruak iaz bigarren aldiz hauteskundeak irabazi ondoren hauteskunde-programan agindutakoa bete zuen.

Indiako lehen ministro Modiren hitzetan, autonomiak «terrorismoa, separatismoa, nepotismoa eta ustelkeria baino ez ditu sortzen» eta bertan behera uztea «kaxmirtarren onerako» izango zela agindu zuen.

Bat-batean, herrialdea New Delhiren zuzeneko agindupean geratu zen. Jammu-Kaxmir Estatua desegin eta Indiako Batasuneko lurralde izendatu zuten, Indiako edozein estatuk baino eskumen gutxiagorekin. Hori nahikoa ez eta Gobernuak bitan banatu zuen lurraldea; Jammu-Kaxmir, mendebaldera, eta Ladakh, ekialdera.

Aurretik zatituta zegoen Kaxmir. Indiak eta Pakistanek bi gerra izan dituzte, gehiengo musulmana duen Himalaiako antzinako Jammu-Kaxmir printzerria nork eskuratuko.

1947ko zatiketaren ondorioz herrialdea erdibituta geratu zen. Gainera, Txinak ekialdeko eremu batzuk kontrolpean ditu.

1948an, Nazio Batuen Erakundeak, bere lehen ebazpenetariko batean, Kaxmirrek erreferendum baten bitartez bere iritzia eman behar zuela agindu zuen, baina Indiak ez du agindu hori sekula bete.

Azken hiru hamarkadetan Kaxmirren autodeterminazio aldarrikapena borroka armatu bilakatu da. Indiak talde armatuak babestea leporatzen dio Pakistani eta bi herrialdeetako armadak elkarri tiroka aritzen dira noizean behin Kaxmir zatitzen duen «mugan». 2019ko otsailean 40 paramilitar indiar hil ziren eraso suizida baten ondorioz eta bi aldeak hirugarren gerra bati ekiteko zorian egon ziren.

Kaxmirren matxinadaren aurrean, errepresio bortitzari ekin zion New Delhik. 1989tik hona dozena milaka hildako izan dira, gehienak zibilak. Iazko estatus-aldaketak ere errepresioa areagotu zuen. Indiak milaka eta milaka errefortzu bidali zituen ordurako milioi erdi soldadu zituen herrialdera, mundu osoan militarizatuenetarikoa den herrialdera. Biztanleei (7 milioi pertsona) etxetik irtetea debekatu zieten hainbat astez. Elkarretaratzeak debekatuta daude oraindik. Telefono lineak, mugikorrak eta Internet blokeatu egin zituen New Delhik, Kaxmir guztiz isolatzeko.

7.000 pertsona atxilotu zituzten; horien artean, Jammu-Kaxmirreko Exekutiboko hiru buruzagi ohi. Ehunka kartzelatu dituzte, gehienak inolako kargurik gabe. Gehienek torturak eta tratu txarrak salatu dituzte.

Malaysiak, Turkiak eta NBEko Giza Eskubideen Batzordeko arduradun Michelle Bachelet-ek izan ezik, inork ez du txintik ere esan errepresio horri buruz. Indiak barne-arazotzat du Kaxmirrekoa eta auzia nazioartera eramatearen aurka dago.

Egun, kaxmirtarren egoera gordina da. Kontrol militarrak nonahi, Internetik gabe ia egun osoan… Eragin ekonomikoa izugarria da. 2019. bukaeran milioi erdi lanpostu galdu ziren, bertako Merkataritza Ganberak emandako datuen arabera.

Koronabirusaren pandemiaren ondoriozko konfinamendua aurreko konfinamenduari gehitu zaio eta lehendik dramatikoa zen egoera gaiztotu egin da. «Nire bizitzan makina bat salbuespen egoera eta greba orokor ezagutu ditut, baina azken urtean bizitzen ari garena bezalakorik ez dut sekula ezagutu», dio negarrez lanik ez duen eta seme tetraplegikoaren tratamendua ordaintzeko eskean aritzen den gizon batek. Ikasleek urtebete daramate eskolara joan ezinik.

Azken ikerketen arabera, kaxmirtarren ia erdiek buruko arazoak dituzte. Medikuek debekatuta dute horri buruz hitz egitea, baina Srinagar hiriburuko psikiatra batek ohartarazi duenez, pandemiarekin izugarri gora egin dute nork bere buruaz beste egiteko saiakerek, izu-krisiek eta trauma osteko estresaren sindromeek.

«Segurtasun-operazioek» bere horretan jarraitzen dute eta 2020. urtea aspaldiko odoltsuena izango den beldur dira giza eskubideen aldeko erakundeak.

Aurtengo lehen sei hilabeteetan 229 hildako zenbatu ditu Indiak matxinoekin liskarretan. Iaz 283 izan ziren, hamarkadako kopuru handiena. Poliziak ez dizkiete hildako matxinoen gorpuak senideei ematen, Indiaren aurkako ehorzketa-manifestazio erraldoiak ekidin nahian. Gorpuak ezkutuan eta bazter urrunetan lurperatzen dituzte.

Indiak kaxmirtarrek beren lurraldean dituzten eskubide berberak eskaini dizkie milaka kanpotarri; lurra erosteko aukera, esaterako. Bertakoek salatu dutenez, herrialdeko demografia hankaz gora jartzea du helburu New Delhik, Kaxmirrera hinduak eramanez.

Atzerriko konpainiei meatzeak ustiatzeko baimena eman die Indiak, ingurumena babesteko neurriak errespetatu gabe.

Urtebete igaro da eta New Delhik agindu zuenaren kontra, egoerak okerrera egin du Kaxmirren.

Indiako gizarte zibileko ordezkariek –tartean Kanpo Arazoetarako ministro ohi bat– osatzen duten batzorde batek aste honetan bertan salatu duenez, «Gobernuak duela urtebete iragarritako agindu bat bera ere ez da bete. Kaxmir ez da Indiara gerturatu, ez zaio matxinadari amaiera eman eta ez da hazkunde ekonomikorik izan».

Historialari Siddiq Wahid-ek argi du «abuztuaren 5eko ekaitz hura ez dela baretu». Ezta gutxiagorik ere. Aditu honek ohartarazpen batekin amaitzen du. «Kaxmirtarrak hormaren kontra jarri dituzte, baina betirako isilik jarraituko dutela uste dutenak oker dabiltza».