GARA
BAIONA

Adingabeko mutil bat atxilotu dute Angeluko basoko sutea pizteagatik

16 urteko gazte bat atxilotu dute uztailaren 31n 165 hektarea baso erre zituen sutea pizteagatik. Jerome Bourrier Errepublikako prokuradoreak atzo Baionan eman prentsaurrekoan azaldu zuenez, aurrekari penalak ditu eta 20 urteko espetxe zigorra arriskatzen du.

Baionako epaitegian atzo eman zuen prentsaurrekoan Jerome Bourrier Errepublikako prokuradoreak azaldu zuenez, Angeluko Lanerat erresidentzian bizi den adingabeko bat da atxilotutako gaztea. Aurrekari penalak ditu, lapurretagatik bereziki, eta piromaniarako joera argia du. Ekainaren 27an bere egoitzan gertatutako sute batekin lotuta, justiziaren aitzinean agertzera deitua izan behar zen laster.

Lagunen aurrean sutea berak piztu zuela esanez harro agertu ondoren bilakatu zen gaztea susmagarri. Galdekatua izan zelarik, sutea piztu izana ukatu egin zuen, eta txantxa bat besterik ez zela adierazi. Aldiz, bere deklarazioa kontraesankorra zela eta beste pista batzuek sutearekin lotzen zutela ikusita, atxilotzea deliberatu zuten. Hala ere, ikerketa ez dela bukatu adierazi zuen prokuradoreak. Adibidez, oraindik ez dakite nola piztu zen sua. Sua piztuta suntsiketa eragitea eta hainbat pertsonaren lanerako aukera zapuztea egotzita eramanen dute epailearen aurrera hurrengo egunetan. Ekintza kriminala izanik, 20 urteko gehieneko kartzela zigorra jaso dezake.

Sutea ez zela arrazoi naturalengatik hasi jakinda, Angeluko Herriko Etxeak salaketa jarri zuen, eta, ondorioz, polizia judizialak kasuaren ikerketa bere gain hartu zuen. Ikerketaren baitan, emakume batek gazte bat beste bati sutea piztu zuela esanez entzun zuela deklaratu zuen. Pista horri jarraituz, zenbait gazte egoitzetara joan ziren. Hala jakin zuten sutearen egunean, 19:30ean egoitzara sartzean, gazte batek sua berak piztu zuela esan ziela harro gainontzekoei. Bourrierrek sutearen inguruko datuak ere eman zituen: 26 pertsona ospitaleratu zituzten eta 25 etxe kaltetu ziren.