Aanya WILPULASENA (EFE)
Kolonbo

Rajapaksa sendia, jaun eta jabe Sri Lankan

Gotabaya Rajapaksa Sri Lankako presidenteak bere familiaren boterea are eta gehiago sendotzea lortu du, iragan asteazkeneko legebiltzarrerako hauteskundeak aise irabazi eta gero: 225 eserlekuetatik 145 lortu zituen. Pandemia iritsi zenetik Asia hegoaldean egindako lehen hauteskundeak izan ziren.

Iaz presidentetzarako hauteskundeak irabazi ondoren, garaipenak legealdi lasaia bermatzen dio Gotobaya Rajapaksari; are, Sri Lankako aurreko lehendakaria izandako Mahinda bere anaiak ere lehen ministro karguan jarraitu ahal izango du. Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak gerrillaren aurkako erasoaldi kriminalaren erantzulea izan zen Mahinda Rajapaksa. Tamil tigreen aurkako 26 urteko gerrari amaiera eman zion, baina ehunka milaka tamil kontzentrazio eremuetan sartu zituen, eta sarraskiak eta torturak nonahi eman ziren.

Rajapaksa sendiaren ikurra «segurtasuna» da, tamilen, «terroristen», gaizkileen eta droga trafikatzaileen aurkako borroka. Mezu horrekin irabazi zituen Gotabaya Rajapaksak presidentetzarako bozak 2019ko azaroan, apirilean 269 hildako utzi zituen Pazko Igandeko jihadisten atentatuen ostean. Gehiengo budistaren beldurra eta bere handinahia baliatu zituen.

Oposizioa, sakabanatuta

Adituen ustez, oposizioaren sakabanaketa eta gobernuaren aurrean alternatibarik ez izatea dira Rajapaksa klanaren garaipenaren arrazoiak. SJB alderdiak, presidentetzarako bozetan Gotabayaren lehiakide izandako Sajith Premadasak gidatzen duenak, botoen %23,9 (54 eserleku) soilik lortu zituen. Ranil Wickremesignhe lehen ministro ohiaren UNP alderdi historikoak, berriz, %2,15.