Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Jai herrikoiak aldarrikatu dituzte Donostiako Piratek

Jai herrikoien aldeko manifestazioa egin zuten atzo Donostiako Piratek, egituraketa ofizialetatik aldentzen den eredua aldarrikatzeko. Jairik ez dagoen uda berezi honetan, festen antolaketan herri mugimenduak duen garrantzia goraipatu zuten. Osasun egoera «aitzakiatzat» hartuta, debekuen bidetik kaleak ukatu zaizkiela kritikatu zuten.

Herrian antolatu eta ekin, eta herriari eman. Jai herrikoiak bertatik kozinatu, su txikian su handiaren grinarekin. Beste eredu bat, egituraketa ofizialetatik aldenduta. Uda ezberdina da aurtengoa, dudarik gabe, ez festarik, ez jairik, ez horietan bizi ditugun une gogoangarririk. Eta akaso aldarria egiteko une aproposenetakoa da, ez lokartzeko, ikusarazteko jai batzordeek, herri mugimenduek hortxe bertan segitzen dutela, lanean.

Donostiako Piratek manifestazioa antolatu zuten atzo. 12.00etan puntuan abiatu zen Gladysenea parketik eta, kaiko sarrera den Portaletasera ailegatu bitartean, bidean auzoetako kofradietako kideak jaso zituzten manifestariek. «Zehazki Donostiako jai herrikoien alde, baina orokorrean eredu jakin baten aldeko aldarria egitera gatoz», adierazi zuen Txomin Campo Donostiako Piraten kideak ibilbidearen amaieran. «Pandemia egoera honetan ez dugu ahaztu behar kulturaren eta beste mundu alternatibo baten aldeko jendea badagoela».

Erakundeen aldetik izandako «gorabeherak» ere izan zituen hizpide Campok. Hain zuzen ere, Aste Nagusia ez dagoela-eta, Donostiako Udalak abuzturako antolatu duen ekitaldi sortaz galdetuta, ez zuen bere harridura ezkutatu. Segurtasun bermeez etengabe ari diren bitartean, «bat-batean» egitarau zabala antolatu izanak sorpresaz harrapatu ditu.

Kaleen ukazioa

«Urte hau ez dugu inoiz ahaztuko. Osasun larrialdi baten erdian iritsi gara abuztura. Eta pandemia aitzakiatzat harturik, debeku eta inposizioen bidez ukatu nahi izan dizkigute gure kaleak. Auzoetako jaiak bertan behera utzi ditu Udalak, auzoetako jai batzordeei alternatibak lantzeko aukerarik utzi gabe. Eta Piratok ere oztopo asko jasan ditugu, aurten ere, gure egitaraua gauzatu ahal izateko», adierazi zuen Campok.

Ordea, osasun baldintzak bermatuz, kalean egoteko eta espazioak sortzeko premia «inoiz baino handiagoa» dela aldarrikatu zuten. «Donostia abordatzen jarraituko dugu, eta hiriko jai batzorde, herri mugimendu eta eragileak bidelagun izango ditugu bai aurten bai etorkizunean ere. Jai batzordeen lana eskertu eta aldarrikatu nahi dugu, interes ekonomiko eta turistikoen gainetik, jaiak herritik eta herriarentzat izatea nahi dugulako», argi utzi zuten Piratek.

Eta urteroko jai moldeak aurtengoan ez badaude ere, ohiturei eutsi diete Piratek. Urtero pertsona edo kolektibo berezi batek gorpuzten du Matti pertsonaia; aurtengo honetan, garai zailak pasatzen ari diren «gure tabernei» keinu bat egin nahi izan zieten. «2003an Donostia abordatzeari ekin genionetik, hasiera-hasieratik gure aldamenean eduki ditugulako», eskertu zuten Piratek.

Egun Groseko Pandora taberna eta lehenago Parte Zaharreko Rekalde zeraman Agus Rodriguezek GARAri adierazi zioenez, «adin bat dugunok gogoratuko gara saiakera batzuk egon zirela festak beste modu batean egiteko. Ezinezkoa zirudien Donostian halako jai batzuk antolatzea, baina ekinez egin dugu, lortu dugu», adierazi zuen.

«Orain dela hamazazpi urte ero batzuek abentura honi hasiera eman zioten, eta sinetsi zuten Donostian jai herrikoi eta parte hartzaileak antolatzea posible zela. Eta kasu hauetan egiten den bezala, boluntarioen laguntza izateaz gain, denda txiki eta tabernariengana ere jo zuten. Omenduko gaituzte hastapenetan jaien laguntzaileak izan ginelako, eta pozez hartzen dugu errekonozimendu hau», aitortu zuen, eskertuta, Matti pertsonaiaren azalean sartuta.