Kepa Korta
Irakasle eta ikertzailea
JOPUNTUA

Pitzadura

Gainontzeko torturen deskripzioak baino gehiago, atxiloketaren lehen unetik beretik antiojoak kendu zizkiotela irakurtzeak asaldatu zuen I. bereziki; edo sakonago, biziago ziztatu; erlearen ustekabeko eztenak nola. I.-k txikitatik betaurrekoak erabiltzeak izango zuen zerikusirik horretan.

Arropa behar bezala garbitu ezinarena iltzatu zitzaion B.-ri gogoan, preso baten senideak kartzelako bizitzaren berri eman zionean. Koadro zuri-gorri, zuri-urdin edo zuri-berdedun plastikozko poltsa handiak eskuan, geografian ipar eta hego, sor- eta sartalde ibili beharraren arrazoia amorragarriago egin zitzaion, preso politikoen sakabanaketa edo existentzia bera baino.

Liburu batean aurkitu berri dut Erresuma Batuko emakume beltzek bizi duten zapalkuntza modu ugarien berri. Nazio, klase, arraza, genero, kultura, hizkuntza eta bestelako zapalkuntzak nozitzen dituzte belaunaldi ezberdinetako emakumeek Bernardine Evaristoren “Girl, Woman, Other” liburu mardul eta ederrean. Ikasi ditudan gauza guztien artetik, kontu bat darabilt burutik kendu ezinik. Emakume beltzek burua kaskamotz eta ileordea eramatea oso ohikoa omen da; araua gaur egungo gazteen artean. Beren ilea luze eta natural eramanda, irakasleek errieta egiten diete, mutil- nahiz neska-lagunek ez dituzte gustuko, ez dute lan onik lortzen, edo atzekoa kexu agertzen zaie zinema-aretoan. Horren beldur dira behintzat. Huskeria dirudi jasaten dituzten jipoi eta bortxaketen aldean. Baina ileordearen xehetasun orokortuak ireki du zirrikitua nire gogo zailduan.

Izugarrikeria handietan gertaera nagusiak ezagunak izaten dira, haien berri izan nahi duenarentzat behintzat. Eta izugarrikeriak errepikatzearen poderioz, erraz irudikatzen ditugu hainbat ezaugarri eta, azkenerako, esan gabe joan ohi dira. Azala gogortu egiten zaigu, eta amorrua baretu. Xehetasunaren ziztada izan daiteke bidezko haserrea berpizteko modu bakarra.

Leonard Cohenek kantatzen zuen bezala, «gauza orok dauka bere pitzadura; hola egiten du argiak barrura». Edo bere hitzetan: «There is a crack in everything, that’s how the light gets in».