Asier AIESTARAN

Argi printza bat, Tokioko hodeien artean

Rikako Ikee igerilari japoniarra albiste da egunotan, leuzemia gaitza gainditu ostean lehiaketa ofizial batera itzuliko delako datorren larunbatean. Ikee, 20 urte besterik izan ez arren, bere herrialdeko kirolari esanguratsuenetako bat da. Munduko Junior Txapelketan urrezko bi domina irabazi zituen 15 urte zituenean, tximeleta estiloko 50 eta 100 metroko probetan; 2016an Rioko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen 16 urte bete berri zituela; eta 2018ko Asiar Jokoetan, 18 urterekin, urrezko sei domina kolkoratu zituen. 2019ko otsailean, ordea, leuzemia diagnostikatu zioten eta gaixotasunaren aurkako borroka luzeari ekin zion. Eta borroka horrek bere fruitua eman du, Rikako erabat osatuta dagoelako jada, asteak daramatzalako normaltasunez entrenatzen eta datorren larunbatean Tokioko lehiaketa batean parte hartuko duelako estilo libreko 50 metrokoan. Ez da harritzekoa, koronabirusaren erruz Olinpiar Jokoak kolokan dauden honetan, antolatzaileek Ikee aukeratu izana gizarteari esperantza mezu bat helarazteko. Argi printza iluntasunean.