Joseba SALBADOR GOIKOETXEA
GALDAKAO
Entrevista
IñIGO HERNANDO
GALDAKAOKO ALKATEA

«Horren kaltetua suertatu den kultura arloari bultzada emateko konpromisoa erabatekoa da»

Irailean ere bertan behera geratu dira herrietako jaiak. Galdakao da horietako bat eta, jai ekitaldirik antolatu ez bada ere, ezinbestekoak izan diren sektoreei, izandako portaeragatik, esker ona agertuko diete ekitaldi publiko baten bitartez. Aldi berean, izurritearen ostean horren kaltetua suertatu den kultura arloari bultzada emateko Udalaren konpromisoa erabatekoa dela nabarmendu du Iñigo Hernando alkateak.

Herri batzuetan kultura egitarau zabala prestatu dute udarako. Beste batzuetan, aldiz, ezer ez egitea erabaki dute. Zein da Galdakaon hartu duzuen erabakia?

Kulturaren aldeko apustu garbia egin dugu. Irailean zehar “Kultur plaza” izeneko ekimen sorta prestatu da herriko hainbat tokitan, kultura segurua dela abiapuntutzat hartuta, eta ikuskizun guztietan bete beharreko osasun neurri guztiak gordeko dira.

Horrela, hilaren 8tik aurrera martxan dira adin tarte guztietara zuzendutako ikuskizunak: kirola, hitzaldiak, musika, antzerkia, zirkua, master-classak, sorkuntza, magia, bertsolaritza, zientzia eta ibilbide historikoak, besteak beste.

Aldi berean, arestian aipatutakoari Torrezabal kultur etxean programatuta dagoena gehitu behar diogu, baina Udalak bultzatutako ekimenak ez dira horrekin amaituko. Izurritearen ostean horren kaltetua suertatu den kultura arloari bultzada emateko konpromisoa erabatekoa da eta hurrengo hilabete zein urteetan programazio hau finkatu nahi dugu.

Zer giro izan da udan Galdakaon? Herritarrak kanpora atera dira edo herrian ibili dira?

Jendea lasai dago, abuztuan zehar herriko kale-kantoiak hutsago egon dira, udako oporrak direla eta, baina ez da bestelako girorik sumatu herrian.

Tabernariak eta dendariak izan dira kolpe handiena jaso dutenetako batzuk. Beraiei laguntzeko neurririk hartu duzue?

Bai, hasieratik laguntza ekonomikoak egon dira, baita autonomoentzat ere. Dendarientzat Bono Dendak plazaratu ziren eta jendearen erantzuna izugarria izan zen. Aldi berean, tabernariei dagokienez, neurriak hartu ziren espazio handiagoa eduki ahal zezaten eta esan daiteke neurri horiek erreferentziatzat hartu dituztela hainbat herritan gauza bera egiteko, zehaztasunak ezagutzeko toki askotatik deitu ziguten eta. Azken finean, izurritearen aurrean erantzun kolektiboa eman behar dugu eta gure aldetik ahal dugun guztia egiten ari gara.

Jai egun hauetarako ekitaldiren bat antolatu duzue? Herritarrei deialdi bereziren bat egin nahi diezue?

Ez, ez da jai ekitaldirik egongo. Normalean jaietako egun nagusia irailaren 14a da, eta, esan bezala, ez da jai ekitaldirik egingo. Hori bai, eguna aprobetxatuz, ezinbestekoak izan diren sektoreei itxialdian erakutsi duten portaera eskertzeko ekitaldi publiko bat egingo dugu Ardanza parkean, aire zabalean. Ekitaldi xume bat izango da eta osasun arau guztiak beteko dira.

Orain arte galdakoztarron portaera eredugarria izan da, eta hemendik aurrera ere erantzukizunez jokatuko dugulakoan nago. Datorren urteko santakurtzak behar den moduan ospatzea espero dut.