Ane URKIRI ANSOLA
TROPOSFERAN DAGOEN OZONOAREN

OZONOAREN ERAGINA 80 URTE BARRU NABARMEN IGARRIKO DA

Ozono troposferikoa bigarren mailako kutsatzaile kontsideratu izan da konposatu ugarik atmosferan duten erreakzioagatik eratorritakoa izateagatik. Azken ikerketa batek, ordea, datu kezkagarria eskaini du: eragin nabarmena izango du biomasan 2100. urtean.

Gizakiak lurrean bizi ahal izateko ezinbesteko funtzioa dauka ozono geruzak. Erradiazioa samurtzen du eta kutsadurak geruza horretan izan dezakeen eraginaz maiz ohartarazi izan gaituzte: gehiegizko kutsadurak geruza zula dezake eta gizakiaren biziraupena arriskuan jarri.

Ozono geruza estratosferan dago, lurretik 15 eta 35 kilometro arteko distantzian. Lurretik gertuago, aldiz, ozono arriskutsuago bat dago (10 eta 12 kilometro arteko distantziara); ozono troposferikoa deitzen zaio eta ingurunearentzat oso kaltegarria izan daiteke.

Partikula kutsatzaile horren jatorria ez dago elementu jakin batean eta horregatik ikerketa gutxiago zentratu dira troposferan dagoen ozonoan. Atmosferan dauden konposatuen erreakzio fotokimikoek sortzen dute, eguzki argiarekin, tenperatura altuekin eta haizearen abiadura motelarekin kontaktuan jartzean, eta orain artean bigarren mailako kutsatzailea kontsideratu izan da. Baina kontzentrazio altuetan oso kaltegarria izan daiteke ingurugiroarentzat eta, hortaz, baita gizakion osasunarentzat ere.

Nitrogeno oxidoa, organiko lurrunkorren konposatuak, karbono monoxidoa eta metanoa dira troposferan dagoen ozonoa garatu dezaketen substantzia nagusiak. Konposatu horien jatorria naturala zein antropogenikoa –gizakiok sortutakoa– izan daiteke. Erregai fosilen erabilera, esaterako, atmosferako oreka arriskuan jar dezakeen faktore nagusitzat jotzen da.

Horiek horrela, adituek alarma jo beharra ikusi dute: zientzialariek abisatu dute mundu osoko biodibertsitatearentzat mehatxu erreala dela dagoeneko troposferan pilatuta dagoen ozonoa (O3). Abuztuan argitaratu den azken ikerketan lehen aldiz ondorioztatu eta aurreikusi dute 2100. urtean biodibertsitatean jada kalteak igarriko direla, batez ere Mediterraneoan, Ozeano Atlantikoaren ipar hemisferioan dauden uharteetan, Asia hegoaldean, Himalaian, Japonian, Etiopian eta Afrika ekuatorialean.

“Science Advanced” aldizkarian argitaratu da aipatu ikerketa eta ozonoak ingurugiroan duen eragin zabalaz ohartarazten du. Izan ere, landareei kalteak eragitearekin batera, intsektu eta lurreko mikroorganismoek ere igarriko dute inpaktua. Ikerketak erakutsi du landareen balio nutrizionala jaitsarazteko gai dela ozonoa eta organismo bizidunen mezu kimikoak eraldatzen dituela.

Ozonoaren ugaritzea

“Science Advanced” aldizkarian bertan berriki argitaratu den beste ikerketa batek, gainera, ohartarazten du ozonoa ugaritu egin dela ipar hemisferioan azken hogei urteotan. Nabarmendu dutenez, ugaritze hori Europa eta Ipar Amerikako zenbait lekutan ozono maila jaitsi egin den arren eman da, hau da, eremu horietan kutsaduraren aurka abian jarritako kontrol zorrotzak ez dira nahikoak izan ozonoaren ugaritzea gelditzeko. Horregatik, hain zuzen ere, kutsadura soilik tokian toki mugatzen saiatuz gero, lortutako etekina espero baino murritzagoa izan daitekeela ohartarazi dute Coloradoko Ingurumen Zientzietako Ikerketa Institutu Kooperatiboko adituek. Eremu tropikoetan antzeman dute ozonoaren ugaritze handiena eta, planteatu duten hipotesiaren arabera, litekeena da bertatik esportatutako ozonoak eragin izana ipar hemisferiokoa ugaritzea. Ozono maila inoiz baino baxuagoa izan den eremuetako hazkunde harrigarrienak ere zehaztu dituzte: Malaysia/Indonesia, Asiako hego-ekialdea eta India. Eskualde horiek oso ozono-balio txikiak izan zituzten 1994tik 2004ra bitartean, eta, aldiz, oso maila altuak 2011tik 2016ra bitartean.

Ozono troposferikoaren kontzentrazio handienak hiriguneetako kanpoaldeetan edota landaguneetan dira ohikoagoak. Horren azalpena hiriko emisioek jasaten duten garraio atmosferikoan dago. Ozono troposferikoaren sorrera ez da berehalakoa; beraz, erreakzioak gertatzen diren bitartean, O3-a sortzen duten aitzindariak hainbat kilometrotara arrasta daitezke.

Artikulu honen erreferentzia gisa hartu den ikerketaren argitalpenaren aurretik, apirilean, Amos Tai Hong Kongeko Txinako Unibertsitateko (CUHK) Lurreko Sistemen Zientzien programako irakasle elkartuak zuzendutako ikerketa taldeak ondo kuantifikatu eta bistaratu zuen Hong Kongen kutsadura atmosferikoaren eragina, batez ere, ozonoaren kutsadurak landareetan eta ingurumenean duen eragina. Egindako aurkikuntzek erakusten dutenez, Hong Kongeko ozono maila landareei kalte nabarmenak egiteko adinakoa da jada, bai landagunean bai CUHK-ko campusean bertan. Are, ondorio garrantzitsuak ditu Hong Kongeko eta Txinako hegoaldeko nekazarientzat, laboreek ozonoaren kutsadura jasaten baitute.

Hong Kongeko egoera partikularrak antzekotasun handia du abuztuko ikerketak aditzera eman dituen ondorioekin. Orain arte argitaragabeko datu zehatzak eskaintzeak sona handiagoa eman dio “Science Advanced” aldizkariak plazaratutako ikerketari, baita mundu osoko errealitateaz mintzatzeak eta balizko ondorioak denboran zehazteak ere. Baina zeintzuk izango dira 2100. urtean nabarituko ditugun ondorioak?

Landare-konposizioa aldatu

Ozonoak landare, intsektu eta mikroorganismoetan izan ditzakeen ondorioak ulertzeko, ikerketa taldeek arlo horietako artikulu garrantzitsuenak berrikusi dituzte, eta esperimentu errealekin osatu, organismo biziak ozono kontzentrazio desberdinetan jarriz. Emaitzek erakutsi dutenez, instalazio bakoitzak gas horrekiko tolerantzia desberdina du, eta, horren ondorioz, eremu bat ozono kontzentrazio handien eraginpean dagoenean, landare-konposizioa aldatu egiten da, batzuk ahuldu eta lekuz aldatzen direlako, beste batzuk hil egiten direlako eta beste batzuk, berriz, nagusi bihurtzen direlako egoerari aurre egiteko gai izateagatik.

Horrez gain, azterketak azpimarratzen du landareek, oro har, aldaketak izaten dituztela, besteak beste, hostoen kimikan, jariatzen dituzten konposatu usaintsuetan, hazkundean, sendotasunean eta nutrizio-balioan. Intsektuentzat eta lur azpiko bizitzarentzat eragina duten aldaketak dira, lurrin horien mende baitaude komunikatzeko eta elikatzeko edo ugaltzeko kalitate oneko landaredia behar baitute.

«Bizitzaren kimika hautemanezina bezain garrantzitsua da, eta halaxe erakusten digu ozonoa bezalako gas oxidatzaile batek, intsektu eta landare batzuen ugaritasunean eta aniztasunean aldaketak eragiteko eta komunitate osoa eraldatzeko gai baita erreakzio kimikoen bidez, modu isil eta ikusezinean», nabarmendu du Josep Peñuelas Kataluniako CREAF ikerkuntza ekologiko zentroko ekologoak. Hain zuzen ere, Kataluniako ikerketa zentroak parte hartze zuzena izan du abuztuan kaleratutako azken ikerketan.

Azterlanak frogatzen du ozonoaren bidezko kutsadurak, landare-konposizioa aldatzeaz gain, intsektu-komunitateak ere aldatzen dituela, espezie batzuen ugaritasuna aldatzen duelako eta, bide batez, komunitatearen aniztasuna arriskuan jartzen duelako. Duela gutxi egindako ikerketa baten arabera, Samia ricini larben (zeta-tximeleta) gorputz-masaren hazkundea moteldu egin zen larbak azalore-hostoekin (Brassica oleracea) elikatzean, ziape beltzean hazitako aza-tximeletekin gertatzen den antzera.

Ikerketok iradokitzen dutenez, espezie batzuk errazago egokituko lirateke balizko aldaketetara, defentsa-konposatuak garatzeko eta ingurumen baldintza ugaritan aurrera egiteko duten berezko gaitasunagatik. Espezie espezializatuek, aldiz, dieta mugatua dute eta ingurumen baldintza jakinetan soil-soilik egin dezakete aurrera.

Mikroorganismoak pobretu

Halaber, ikerketok egiaztatu dute ozono-kontzentrazio handiak pobretu egiten dituela lur azpian bizi diren mikroorganismo komunitateak, eta hori kaltegarria dela elikagai birziklapenarentzat, lurzoruaren eta landareen arteko atzeraelikadurarentzat eta karbonoaren edo nitrogenoaren ziklo globalentzat.

Ozonoak belardien nitrogeno oxidoen (N2O) emisioetan ere eragin kaltegarria izan dezake. Soja, arroz eta gari eremuek ozonoak induzitutako landareetatik eratorritako ekarpenak murrizteak ere eragin nabarmena izan dezake. Azken batean, labore-sistemak berak ere baldintzatzen du ozonoak nitrogeno oxido emisioetan duen eragina.

Ozonoak landare-aniztasunean eragiten dituen inpaktuak ez dira argiak oraingoz. Aldiz, landare eta mikrobioen aniztasunean zeharkako inpaktuak izatearen ebidentzia askoz argiagoa da, eta horrek adierazten du mikroorganismoen aniztasuna landare aniztasuna baino arrisku handiagoan egon daitekeela. Etorkizuneko ikerketen emaitzen zain, hori bai, gero eta argiago dagoena da troposferan dagoen ozono kontzentrazio altuak landare, intsektu eta mikrobio komunitateen osasunerako mehatxu zuzena direla.

Horrenbestez, Kataluniako CREAF ikerkuntza ekologiko zentroko ekologo den Josep Peñuelasek nabarmendu bezala, «ozonoaren bidezko kutsaduraren ondorioak ulertzeak erronka berriak jartzen ditu mahai gainean. Zalantzarik gabe, erronka horiek kontuan hartu beharko dira biodibertsitatea zaintzeko munduko politika eta estrategietan».