Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Bidasoak hitz egingo balu…

Hizkuntza literarioa baliatuz, saiakera berezia sortu du Eneko Aizpurua idazleak. «Bidasoan gora» (Elkar) Txingudiko badiako paduran hasi eta Baztango Xorroxin iturbururainoko bidaia da, eta tartean bildu ditu arrotz etorri eta arrotz joan zirenen benetako pasadizoak. Mikel Zabaltza, migrante portugaldarrak, Aitzol eta Pio Baroja… Historiaren ur zurrunbiloak irentsita, ur azalera ekarriak izan dira. Bidasoa ibaia izan zen lekuko, orain pertsonaia eta gidari.

…kontatuko lituzke gure memoriak ahaztu dituen pasadizoak. Akaso inoiz oroituak izan ez zirenak, memorian gordetzera ailegatu ez ginenak. Kontatuko lituzke inon idatziak gelditu ez zirenak eta ahoz aho bidaiatu bai baina uneren batean izoztu zirenak. Gaur egun inork oroitzen ez dituen izenak, inoiz izan ziren arren.

Bere azken lana aurkeztu du Eneko Aizpuruak, “Bidasoan gora” (Elkar), zeinarekin Tene Mujika saria irabazi zuen. Bi norabidetako bidaia bat proposatzen du, bata fisikoa, Txingudiko badiako paduran hasi eta Baztango Xorroxin iturbururaino doana, pausoz pauso, urertzetik. Paisaia horietan barrena uztartzen da bigarren bidaia, gure gertuko historiatik egiten duena, ahanzturatik ere baduena, izan zirenen pasadizoak berreskuratu nahi izan baititu idazleak. Bizi izan zutena eta izan zirena.

Literaturaren hizkuntza eta baliabideak erabiliz, errealitateaz mintzo da, baina ez da errealitatea «eta kito», egileak aditzera eman duenez. «Ahalegin kontziente bat badago literaturarekin, moldeak puskatu nahi nituen, literatura egin nahi nuen baita ere, baina fikziozko pertsonaiarik ez dago. Saiakera da, eta tonuari dagokionez asmoa ez zen erreportajea egitea, baizik literaturaren ikuspegia baliatzea, edo zerbait poetikoagoa egitea. Eta nostalgiaz zer esan? Badirudi gizarteak iragan goxo batean babestuta egoteko gogoa duela… Iraganera begiratu dut bai, baina orainean biziz eta nostalgiatik harantzago joanez idatzi nahi nuen», erantsi zuen atzo, aurkezpenean.

Haritik tiraka

Claudio Magris idazlearen “Danubio” obra edo Sebald bezalako egileak erreferentzia hartuta idatzi du. «Uztartu nahi izan ditut tokian bertan ikusitakoak eta bestetik Bidasoa ibaia bizkarrezur izanda, bertan jazotako hainbat gaietan sakonduz. Dokumentazio lana dago bidaia aurretik egindakoa, baina bidea libre utzi nahi nuen, bideak erakuts ziezadala nondik nora nindoan. Liburu hau ez litzateke posible izango bidean aurkitu ditudan testigantzak gabe, balio berezia dute», aitortu zuen.

Kontatu zuenez, errealitatean oinarritutako istorioak dira, eta tartean topatuko ditugu Pio Barojak eta Aitzolek topo egin zuteneko pasadizoa, 70eko hamarkadan Bidasoa klandestinoki gurutzatu zutenen istorioak, II. Mundu Gerran iheslari juduen nondik norakoak, hala nola Mikel Zabaltzaren eta Eduardo Lopezen heriotzak.

Dokumentazio lanetan ari zela, garbi ikusi zuen egileak «ur hondoan» gelditu direla pasarte batzuk «betiko loak hartuta», eta hori izan da bere asmoa, ur azalera ateratzea. «Zabaltzaren kasua eta Eduardo Lopez poliziarena oso paradigmatikoa da. Mikel Zabaltzaren gorpua agertu zen lekutik 100 metrora hil zuten 10 urte geroago Eduardo Lopez polizia, eta bitxia da, baina herri honetan batzuek badakite zer gertatu zen 100 metro gorago, baina ez dakit zer gertatu zen 100 metro beherago, eta alderantziz».

Idazleak berak bidea oinez egin du; halabeharrez behar zuen horrela, bere ustez. Bidasoaren larruazala tipi-tapa zeharkatu. Ibaia entzun, sentitu, solastatu. «Hainbat egunetako sigi-saga ibiltze horretan uraren bideari jarraiki uraren gogoetak ere islatzen dira liburuan. Osorik oinez egindakoa da; horrek garrantzi berezia eman dio lanari hasieratik».

Irakurleak ere topatuko ditu ihesean ibaia zeharkatzen zuten migrante portugaldarrak. «Dokumentazio lanetan konturatu nintzen ahozko testigantzak bazeudela migrante portugaldarren zeharkaldiak kontatzen zituztenak, gutxi, baina bazeuden. Eta ikertuz iritsi nintzen Biriatuko pasatzaile batengana, oraindik bizi dena», gogoratu du. Haritik tiraka eta tiraka heldu zen Blas Andres izeneko gizonaren istorioa ezagutzera. Hala jakin zuen uda partean, egunero-egunero, zenbat portugaldar laguntzen zituzten ihesaldian, Bidasoan gora….