Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Gure gauza»-ren tabuari hitzak jartzen dizkioten poemak

90eko hamarkadan gazte izatea tokatu zitzaion belaunaldi baten kontzientzia da «Suak pizten direnean». Zorren kitatzea. Tabuei begietara begiratzea, eta horiei hitzak, poema osoak eskaintzea. Elurretan bildutako harriak Guardia Zibilari jaurtitzen zizkion haurrak, 24 urterekin tortura pairatu zuen gazteak eta «beldurra» zer den hausnartzen duen poetak egiten dute bat Mikel Sotoren olerki-bilduma honetan. Bere lehen sorkuntza lana da.

«Hau ez da poesia / eta ni ez naiz poeta. / (…) Baina guztiz sinetsita nago / gezur sumarioetatik harago / egin genuena kontatu behar dudala / egin zigutena kontatu behar dudala». Mikel Sotoren “Hau ez da poesia” olerkiak ematen du “Suak pizten direnean” (Elkar) olerki-bilduman irakurleak aurkituko duenaren pistarik.

Hamahiru urtez Txalaparta argitaletxeko editore izan denak ez zuen “beste bandora”, idazle eta poetenera, pasatzeko pretentsiorik, baina Asier Serranok sakatu zuen beharrezko botoia: Mikel Gorosabel Norton musikariaren kantu baterako hitzak egingo zituen galdegin zion, gaitzat hitz bakarra emanda, “beldurra”. «Beldurrari buruz badakit zerbait nerabezarotik, eta urte luzez beldur latz eta konstantea sentitu izan dut», azaldu zuen Sotok aurkezpenean, eta lehen barne analisi hartatik “Ohean infernura begira”, Nortonen “Barne basoan barna” diskoan kaleratutako abestia sortu zela esan zuen.

Baina ez zen aski izan. Zerbait askatzeko beharrak orri zuriaren aurrera eraman zuen Soto. «Gaiak hainbat mekanismo jarri zituen martxan», onartu zuen, eta bere «belaunaldi politikoa nahiko agrafoa» izan dela hausnartu zuen. Xabier Silveiraren “A las 8 en el Bule” eta Jon Benitoren “Bulkada”-z gaindi, bere aroaz ezer gutxi dagoela uste eta hutsune hori betetzen bere hondar alea jartzeko asmoz ekin zion idazketari.

Hala sortu da “Suak pizten direnean” lana, 90eko hamarkadan gazte izan zen belaunaldi baten usainak dakartzan olerki-bilduma. «90eko hamarkada oso latza izan zen guztiontzat. Iruñean, Chinchilla kaleko komisariatik zintzilikatu egiten zituzten 16 eta 17 urteko gazteak, adin txikikoak», ekarri zuen gogora, eta pilotakaden ondorioz berak aurreko hortzak galdu zituen bezala bere hiru lagunek begia galdu zutela oroitu zuen. «Su errealarekin egiten zuten tiro, batzuetan airera eta besteetan ez. Ni tirokatua izan naiz, beste hainbat gazte bezala», nabarmendu zuen.

Aldi hartaz hitz egiten duten poemak aletuz joan zen Soto, baina bidean bildu zituen haurtzaroaz hitz egiten dutenak ere, eta, ariketa amaituta eta emaitza ikusita, «argi ikusi dut poesia behar nuela hau kontatzeko, egin dudan memoriaren eta arimaren ariketak hori behar zuen», baieztatu zuen.

Hitzen balioa

Sotok argi du bildumaren gai nagusietako bat «gure gauza» dela. «Nire liburu hau euskal gatazka deitu dugun horri buruzkoa da. Batzuek ‘terrorismoa’ deituko diote eta besteek ‘askapen mugimendua’. Ez dakit idazle izan gaitezkeen ez bagara gai hobeto hitz egiteko, idazlearen helburua hitz zehatza hautatzea baita. Beharbada ez dugu hitz zehatz hori lortuko, baina behar dugu zerbaitetarako balio duen hitz bat», hausnartu zuen. Ildo horretan, «lehen hitzak genituen, eta orain tabuak ditugu», egin zuen gogoeta.

Bilduma beldurretik abiatu zen bezala, adorearen gaineko liburua ere badela uste du Sotok, «leku berdinetik ateratzen baitira biak; batzuetan ez dakigu non amaitzen den bat eta non hasten den bestea», eta, gatazkari buruz «asko» hitz egin den bezala, beldurraz eta adoreaz «gutxi» hitz egin izan dela esan zuen.

Azkenik, liburua zeharkatzen duen gai bat ere badagoela uste du egileak: laguntasuna, lagunekikoa, kideekikoa eta burkideekikoa. «Idatzi bitartean lagunak eta burkideak izan ditut gogoan. Kontatu ditut gauzak nireak bakarrik baino pixka bat gehiago izan zitezen. Eta lagunek ikusi dute beren burua islatua, ikusi dute garai bat, eta, beraz, esango nuke liburua jada badela arrakastatsua».

Poema-bildumaren zuzeneko errezitalak eskainiko ditu Sotok hainbat lagunekin batera, tartean Petti abeslaria edota Harkaitz Cano, Irati Jimenez eta Edorta Jimenez idazleak. Irailaren 29an Donostiako Ernest Lluch kultur etxean ariko dira eta, urriaren 7an, aldiz, Bilboko Itsas Museoan.