Surflari ernegatua

Zoologikoari begira

Surflariok «pijo» fama dugu, eta ez da harritzekoa, lanik egiten ez duen aberatsen seme-alaba asko baitago gure artean. Hor daude egun osoan, beraien furgonetekin, lehorrean, eta horregatik nabarmentzen dira, baina uretan beste gauza bat da... Aberaskume askok duten ezaugarria da besteengandik bereizteko edo arreta bereganatzeko duten jarrera berezia. Gehienetan ez da egiazkoa, itxura besterik ez da, zeren benetan «berezia» denari ez dio barkatzen gizarteak. Diruduna ere baztertzen da, erotzat hartzen bada. Beraz, eroarena egiten aritze hori oso kalkulatua izaten da, erridikulua egiteko arriskua ere handia baita.

Azkenaldian mauka bakarreko peto batekin surf egiten duen tipo bat ikusten dut sarri urautsian. Beste edonor bezala neoprenozko ur jantziarekin edo bainujantziarekin itsasoratu ordez, Mario Brosena dirudien buzo urdinarekin aritzen da surfean. Batzuetan, alkandora eta guzti itsasoratzen da, eta olatu gainean doanean ere antzerkia egiten aritzen da. Nabari da olatua menderatzeko gai dela, une kritikoetan, erorketa ekiditeko, antzerkia ahaztu eta, instintuz erreakzionatzeko gai baita. Udazkenean Lapurdiko kostaldean lur hartzen duten pertsonaia horietako bat gehiago da. Halako asko daude, horrelakoak dira aberaskumeak eta seme bakarrak, baina honek behintzat estiloa du.

Azkenaldian nire arreta bereganatu duen beste pertsonaia 50 urtetik gorako emakume bat da. Trazu orientalak ditu, azal iluna, ile beltz leuna, luzea eta txirikordatua, sudur zapala, marra horizontala marrazten duten begi txikiak eta, paraleloan, bitan banatzen denean hortz zuriak erakusten dituen aho fina. Polinesiarra dirudi, hawaiiarra edo tahitiarra izan daiteke, baina auskalo, gaur egun Errezilen jaioa dela esango balidate ere ez nintzateke harrituko. Nire aurrean zegoen, taula handi eta astun batekin, uhin lerro batek atzeman gintuenean. Taula utzi, arnasa sakon hartu eta urperatzeko prestatu nintzen, eta horretan nengoela, hara non ikusten dudan taula gainean eserita zen emakumea itzuli eta irribarre egiten. Bere gibelean bi metroko apar indartsu bat zuen eta bera, lehorrera begira, irribarrez. Ur azalera atera nintzenean emakume hura bizirik zegoen ziurtatu nahi izan nuen. Gutxienez 30 metro arrastatu zuen aparrak eta oraindik ur azpian itzulipurdika zebilen. Burua atera zuenean ez zuen irribarrerik bisaian, begiak zabal-zabalik zituen eta hawaiiarra baino inuit zurbila zirudien. Hurrengo aparrarekin kanpora atera zen.

Jarraian, Mario Bros ilehoria ia gainetik pasa zitzaidan. Estiloarekin saihestu ninduen, irribarrez, «lasai, ikusi zaitut» esango balit bezala. Ni besteengatik barrez, surflarien zoologikoari so, eta hara non konturatzen naizen ni ere espezie arraroen sailean sailkatua naizela. Bizi osoa normal itxurak egiten eta mauka bakarreko peto urdindun batek eta jatorri polinesiarreko emakume batek begiak ireki behar, ni ere fauna bereko animalia naizela ohartzeko. Zeren Mario Brosek ez dio kasu edonori egiten eta emakume polinesiarrak aparrari bizkar eman zionean ez zion irribarrea heriotzari zuzendu, parean zuen surflari ernegatuari baizik. Desengainu handienak, beti, nire baitan topatu izan ditut.