Ane URKIRI ANSOLA
Pasaia

«ORTZE», ELEKTRIKO BIHURTUTAKO LEHEN EUSKAL ONTZIA

EAEn egin den lehen bapore elektriko-hibridoa da «Ortze». Pasaiako Blas de Lezo itsas eskolarena da, 1996an sortua. 2016an abiatu zen eraberritzeko proiektua eta iazko urrian aldatu zitzaion makineria gela osoa. Kostatik gertu sufre isurketak txikitzea du helburu.

Oriotik Pasaiarainoko bidea egin berri amarratu dute Herrerako kaira “Ortze” ontzia. Itsas milia gutxi batzuk dira, huskeria egunak joan egunak etorri itsaso zabalera irteten diren arrantzaleentzat, baina ontzi honek balentria egin du. EAEn eraikitako lehen itsasontzi elektriko-hibridoa da, Pasaiako Blas de Lezo itsas ikastetxearen ontzi-eskola, alajaina.

Nabigatzeko kasik prest dago, azken proba fasea falta zaie, itsas ikuskaritzarekin egin beharrekoa. 2016. urte bukaeratik lantzen joan den proiektu honen fase guztiak EAEn egin dira eta horregatik ere berezia da “Ortze”, berez 1996an eraikitako baporea.

Propultsio-teknologian eta instalazio elektrikoan aitzindaria da, nahiz eta Ingeteam enpresa Europa iparraldeko herrialdeetako baporeetarako antzeko proiektuetan aritu den, batez ere kostatik urrun nabigatu ohi duten off-shore ontzietarako. Lan horiek erreferentzia hartuta baina 20 metroko luzera duen baporera egokituta eginiko lana da hau, off-shore delakoek 80 eta 100 metro arteko luzera izaten baitute.

Ingeteam enpresa izan da sustatzaile nagusia. 2016an bururatu zitzaion, etorkizunean baporeek nahitaez beraien kutsatze-maila txikitu beharra izango dutela iritzita. Juanjo Valeraren ustez, «funtsezkoa da kostaldetik gertu ahalik eta sufre isurketa murritzena egitea –erabiltzen den gasolioaren elementu kutsatzaile nagusia– gizakiontzat oso kaltegarria izan daitekeelako».

Helburu hori mugarri hartuta hasi ziren ikerketa eta garapenean inbertitzen –guztira prozesu honetan lau milioi euro inbertitu dituzte eta %25 finantzatu du Lakuako Gobernuak–, euskal kostaldean hain ohikoa den baxurako ontzietan energia elektrikoa nola instalatu pentsatzen, erabilgarri izan dadin. “Ortze” eraberrituta erakutsi nahi dute posible dela ahalik eta gutxien kutsatuz nabigatzea; eredu bilakatu nahi dute.

Enpresen arteko elkarlana

Potentzia-elektronikako bihurgailuak eta kontrol-sistemak garatu ditu Ingeteam enpresak, Zamudion duen lantegian, eskola-ontzi berria higiarazteko, bateriak biltegiratzeko sistemaren kudeaketa eta ontziko energiaren kudeaketa adimenduna barne. Beasaingo lantegian, bestalde, Ingeteam Taldeko Indar enpresak, eraginkortasun energetiko handiko iman iraunkorreko motor elektriko berri bat garatu du, konpaktua eta zarata igorpen txikikoa, ontziaren propultsio-helize nagusiari eragiteko.

Eraberritzearen ostean, “Ortze” ez da izango %100 elektrikoa; hibridoa izango da, diesel energia sorgailua ere izango baitu, itsaso zabalean bateria kargatu edo motorra abiarazteko. Hau Zamudion egoitza duen SKV-Skandiaverken enpresak sortu du eta honi esker hiru eta lau ordu arteko autonomia eskuratu dezake ontziak. «Nahikoa, irakasgai bateko klasea emateko», esan du Blas de Lezo itsas eskolako zuzendari Mikel Arrietak.

Orain arte maila teorikoan lantzen zituzten ikasleekin itsasontzi elektrikoen ezaugarriak eta mantenimendu betebeharrak; orain, ordea, eskura daukate ikasle batek informazioa ondo barneratzeko behar duen tresna, eskura daukate bapore elektrikoa, bertan mantentze lanak ere egin ahal izateko eta lan mundura begira are prestatuago iristeko. Lanbide Heziketako erdi mailako eta goi mailako zikloak eskaintzen ditu Blas de Lezo institutuak.

Lan hau “Ikerketa eta Garapenerako Hazitek 2017 Proiektu Estrategien Programa”-ren barnean landu da eta, aipatu enpresez gain, Ormazabal, Lasa Naval, Euskal Itsas Foroa, EHU –Ingeniaritza Eskolaren bitartez–, Plentziako Itsas Estazioa, Mondragon Unibertsitatea, Azti eta Tknikaren parte-hartzea izan du. Hala, Mikel Arrietak nabarmendu zuen makineria guztia «dohaintzan» emana izan dela eta «azkenaldian hain zaila dirudien elkarlan pribatu-publikoaren emaitza» izan dela “Ortze” baporearen eraberritzea.

Makina bakoitza aparte egin ostean, Orioko Arostegui ontziolan aldatu dute makineria gela guztia. «Tamaina honetako baporeentzat geratzen den ontziola bakanetarikoa da Oriokoa, gainontzekoetan –Zamakona Pasaian eta Santurtzin, Balentziaga Zumaian– itsasontziak eraikitzen dira». Instalazio hau esleipen bidez eman zuen Lakuako Gobernuak eta urrian hasi zen lanean Arostegui tailerra. Baxurako ontzien konponketarako beharrezko ontziola bilakatu da.

Bateria eta motorra

Makineria gelara sartu orduko, erdi-erdian motorra eta diesel energia sorgailuaren makineria ikus daitezke. Diesel bidez funtzionatzen zuten makinen ordez orain modu elektrikoan higiarazteko instalatu diren makinak sartzean, ontziaren oreka maila «antzekoa» mantendu dutela ziurtatu zuten Valerak eta Arrietak; alde horretatik, «ez du eragin zingoaren ohiko mailan».

“Indar” hitza handiz irakur daitekeen motorrak 500 kilowatteko indarra dauka. Dena dela, Arrietak zehaztu du ez duela zertan kilowatt guztiak erabili. Izan ere, litio-ioizko bateriak 200 kilowatt-orduko energia hornitzeko gai dira. Gutxi gorabehera, «ideia bat egiteko, ibilgailu elektriko indartsuenak baino 10 edo 12 aldiz energia gehiago biltzen du» “Ortze” baporean txertatu duten baterien instalazioak.

Izenak dioen bezala, indar asko eman behar du itsasontzia mugiarazteko eta aurreikusten dute 10 urtetik gora iraun dezaketela bateriek. «3.000 karga-deskarga inguru izan ditzakete», zehaztu zuen Valerak. «Gero, kontuan hartu behar da nola kargatzen den bateria, modu kaskarrean eginez gero desgastea lehenago irits baitaiteke».

Alboan, gelaxka batean daude pilatuta bateriak, eta makineria gelara sartu aurretik, eskailerak jaitsi eta aurreko gelan kontroladoreak instalatu dituzte. Bertatik, makinistak aukeratu dezake diesel energia sorgailuarekin zer egin; hau da, bateria kargatu edota motorra abiarazi, helizea mugiarazteko; edo biak egin, bata maila batean eta bestea, beste batean. Bateria 40 minutuan kargatu dezake diesel energia sorgailuak.

Guztiz berriztagarrirako bidean

Diesel energia sorgailua edukita itsaso zabalean modu hibridoan mugi daiteke itsasontzia eta honek ere, nola edo hala, isurketak txikitzea dakar. “Ortze”, ontzi-eskola izateaz gain, erakustokia izan dadin nahi dute. Gainontzeko baporeentzat «zenbakiak egiteko» baliagarri izan daitekeelakoan dago Arrieta; gasolioa erretzearen alternatiba erreal bat dela ikusaraztea dute asmo. Gainera, «itsasontzien gastu handiena gasolioa dela jakitun, argindarra merkeagoa da».

Porturatu bezain laster –“Ortze”-ren egoitza Herrerako kaia izango da, Aztiren egoitzaren parean hain justu eta beste aldean Blas de Lezo ikusten dela–, portuan dagoen argindarraren bidez har dezake indarra bateriak, Aztiren egoitzatik datorrena, alegia. Nolanahi ere, kontziente dira honekin ez dela nahikoa, «energia hornitzaileek ez baitute bermatzen eskaintzen dizuten energia berriztagarria den ala ez; hau da, zuk gasolioaren isurketak kontrola ditzakezu baina, agian, hornitzen zaituen argindarra ikaztegietatik edo energia nuklearretatik dator».

Beraz, erronka berri bat daukatela iragarri dute, honekin diesel energia sorgailua ere alboratu dezaketelakoan. Plaka fotovoltaikoak edo instalazio eolikoa dauzka jomugan Ingeteam enpresak.

«ORTZE» ITSASONTZIA

Hogei metroko luzera

“Ortze” baporeak 20 metroko luzera dauka, eta zabalera, berriz, sei metrokoa da.

BATERIA

Litio-ioizko bateria elektrikoa instalatu dute baporean. 200 kilowatt-orduko potentzia dauka; hau da, ibilgailu elektriko on batek baino 10 edo 12 aldiz energia gehiago.

Motorra

Motorraren potentzia 500 kilowattekoa da, «baina horrek ez du esan nahi 500 kilowattak erabiltzea beharrezko duenik». Itsaso zabalean diesel sorgailutik har dezake energia.

DIESEL sorgailua

Diesel sorgailuak, 300 kilowatteko indarrarekin, motor elektrikoari eman diezaioke energia edota bateria kargatu dezake portura sartutakoan kutsadurarik ez isurtzeko. 40 minutuan kargatu dezake bateria.

AUTONOMIA

Hiru-lau orduko autonomia izan dezake itsasontziak diesel sorgailuari esker. Baterien biziraupena, berriz, 3.000 karga-deskargakoa da; hau da, hamar urte ingurukoa.

LAU MILIOI EUROKO INBERTSIOA

Proiektu honen ikerketa eta garapenerako 4 milioi euro inguru inbertitu dute enpresa parte-hartzaileek. Lakuako Gobernuak, Hezkuntza Sailaren bitartez, aurrekontuaren %25 finantzatu du.

Orioko Arostegui ontziola

Orioko Arostegui ontziolan aldatu zaio makineria gela osoa eta hau esleipen bitartez banatu zuen Lakuak. Lehen proba fasea Oriotik Pasaiara nabigatzean zetzan eta aurreikuspenak egoki bete ditu.

EUSKAL ENPRESAK

Ingeteam-ek sustatutako proiektuan euskal enpresen parte-hartzea nabarmena izan da. SKV-Skandiaverken, Ormazabal, Lasa Naval, EHU, Plentziako Itsas Estazioa, Mondragon Unibertsitatea eta Azti izan dira.