Amaia U. LASAGABASTER
EIBAR

Hobetzera behartuta ekingo dio Eibarrek aurkari zuzen baten bisitari

Puntu bakarrarekin eta hobetzera behartuta ekingo dio Eibarrek laugarren jardunaldiari. Izan ere, orain arte lortutako emaitzak kaskarrak izan badira, jokoan ere gabezia dezente erakutsi dituzte armaginek.

Gauak aukera aukera bikoitza eskaintzen dio Eibarri. Batetik, puntuak lortu, irudia hobetu eta etorkizunari lasaitasun handiagoz begiratzekoa, eta, bestetik, aurkari zuzen baten egoera larritzekoa. Lehen Mailara heldu berri, Elxi ez zaio ilusiorik falta, baina, momentuz behintzat, ez dauka askoz gehiago. Bartzelonaren eta Sevillaren aurkako lehen bi jardunaldiak atzeratu ostean, partida bakarra jokatu du, Realaren aurka. Eta galtzeaz gain, nahiko itxura kezkagarria erakutsi zuen. Azkena da sailkapenean, eta, Ipuruan galduz gero, ia denboraldi osoa aurretik badu ere, ilusioa ere zertxobait epelduko zaio.

Gauza bera esan daiteke Eibarri buruz. Jose Luis Mendilibarrek, Athleticen aurkako derbiaren aurreko mezuari eutsita, «oraindik irabazteko beharrik ez daukagu» esan zuen atzo; ordea, «irabazten saiatzeko ahal dugun guztia egiteko beharra» aipatu zuen. Horretarako, bere taldeak arlo guztietan hobetu beharko duela onartu zuen, «bai baloia daukagunean ongi jokatzen, bai baloia galtzen dugunean azkar berreskuratzen ere, orain arte egitea kostatzen ari zaiguna».

Aldaketak egingo ditu zaldibartarrak denboraldiko lehen garaipena lortzeko asmoz. Enrich ez da sendatu, aldiz, derbia amaitzerik izan ez zuen arren, Correa deialdian sartu da. Hala ere, hamaikakotik irtengo dela dirudi, bere lekua Tejerori edo igandean denboraldiko lehen minutuak jokatu zituen Arbillari utzita. Baliteke ere Mendilibarrek bi aurrelari zelairatzea Elxeren bosteko defentsari aurre egiteko. Zalantza Kike Garciaren ondoan Quique Gonzalez edo Muto iritsi berria izango den da. Azkenik, Reciok igandean egin zuen partida kaskarra ikusita, Sergio zelai erdira itzul daiteke, Diopen alboan kokatuz.