Ane URKIRI ANSOLA
ZALDIBAR

Bilaketaren fase berria Zaldibarren eta Lakua ez da «kaltetu» sentitzen

Joaquin Beltranen gorpuzkiak aurkitzeko bilaketa lanen bigarren fasea abiatuko dute urriaren 15ean. «Eremu beroa» bezala kontsideratu duten gunean arituko dira lanean bizpahiru astez, atzo Lakuak zabortegira egindako bisitan azaldu zuenez. Auzi judizialaz ezer gutxi dakiela adierazi zuen Erkorekak, Lakua ez baita «kaltetu» kontsideratzen.

Zortzi hilabete igaro dira otsailaren 6an Verter Recycling zabortegia kolapsatu zenetik eta, ondorioz, bertako bi langile milaka tona zaborren azpian harrapatuta geratu zirenetik. Pasa den abuztuaren 14an aurkitu zituzten Alberto Sololuzeren gorpuzkiak eta senitartekoek azken agurra emateko aukera izan zuten. Gaur-gaurkoz, baina, desagertuta jarraitzen du oraindik ere Joaquin Beltran beharginak. Joaquin Beltran bilatzeko lanen fase berria hurrengo ostegunean abiatuko duela jakinarazi zuen atzo Lakuako Gobernuak, obretako etxolak kokatuta dauden eremuan, Eibarko unibertsitatearen parean, eginiko prentsa agerraldian.

Lehen lehendakariordea eta Segurtasun sailburua den Josu Erkorekak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua den Arantxa Tapiak iragarri zutenez, datozen asteak erabakigarriak izan daitezke Beltranen gorpuzkien bilaketan; «mugarri» hitza erabili zuen Arantxa Tapiak. Zehazki, gorago –zabortegira sartzeko bide zaharretik gertu– miatzen hasiko dira –B.1.A. eremua bezala izendatu dute–.

Azaldu zutenaren arabera, «probabilitatea handia da Beltran azken aldiz ikusi zen lekuan harrapatu izana luiziak»; hau da, lur jausiak ez zuela behargina arrastatu. Izan ere, Alberto Sololuzeren gorpuzkiak aurkitu ziren eremua guztiz garbitu dute eta ez dute aurkitu bertan Beltranen arrastorik. Guztira, 400.000 metro kubiko baino gehiago mugitu dituzte eta, horri esker, B2 eta B3 eremuak guztiz garbi geratu dira.

Azalpen teknikoak

Abuztuaren bukaeran bilaketa eremu berriak definitu zituzten eta irailaren hasieratik indusketa lanak egin dituzte Lur Erauzketa 3 eremuan. Helburua, Beltranen gorpuzkiak aurkitzea espero duten zonaldera iristea. Hala, «eremu beroa» bezala izendatu du Lakuak gune hori.

B.1.A. bezala izendatu duten zonaldeko zaborra husteko eta xehetasunez aztertzeko lanei ekingo zaie hurrengo ostegunean, «baldintza meteorologikoek lagunduz gero». 15.000 metro kubiko lur atera, aztertu eta egiaztatuko dituzte. Lan horiek guztiak bukatzeko bizpahiru aste beharko dituztela aurreikusten dute.

Lehentasunezkotzat jotako zonaldean ariko dira beraz hurrengo asteetan. Baina Lakuak zehaztua du jada bigarren mailako lehentasun eremu bat ere, urte bukaera aurretik aztertuko luketena «lehen eremuan aztarnarik topatu ezean». Hegoaldeko B.4 da eta bertan 80.000 metro kubiko zabor eta lur daude pilatuta; horrek azarotik urte bukaeraraino luza ditzake lanak.

«Soilik bi gune horietan arrakastarik izan ezean, sartuko gara B.1.C eta B.1.B. eremuetan», ñabartu zuen atzo Erkorekak. Lan horietan, hurrengo urtean abiatuko liratekeenak, ez dute gehiegi pentsatu nahi, lehenengo bi eremuetan «arrakasta» izatea espero dutelako.

Auzi judiziala

Lakuako Gobernuarentzat legegintzaldi honetako «lehentasuna Joaquin Beltran bilatzea dela jakinarazi nahi diogu bere familia zein gizarte osoari», esan zuen Erkorekak. Lan «korapilatsua eta zaila» dela jakitun, «baliabideak ditugu arrakasta izateko» gaineratu zuen. Beltranen familiarekin duten harremanaz ere galdetu zitzaien Lakuako ordezkariei eta Erkorekak azaldu zuen «baldintzez» osatutako harremana dela senitartekoek hala eskatuta eta ez dagokiola berari baldintzok azaltzea.

Zaldibarko zabortegiaren hondamendian, baina, badago gorpuzkiak bilatzea baino harago doan auzia ere; prozesu judiziala, alajaina. Horri buruz galdetzerakoan, «Jaurlaritzak ezer gutxi» dakiela esan zuen Erkorekak, «kaltetu zuzena» izan ez dela argudiatuta. Orain zabortegian egiten ari diren lanen arduraduna Verter Recycling enpresak beharko lukeela berretsi zuten eta «inbertitzen» ari diren «milioi askoko» faktura berari helaraziko diotela erantsi zuen Arantxa Tapia sailburuak.

Iñigo Urkulluren Gobernua «ordezko lanak» egiten ari dela nabarmendu nahi izan zuten, eta horrek ez diela ematen «kaltetuaren baldintza». «Jaurlaritzak ezer gutxi esan dezake», adierazi zuen Erkorekak.

Segurtasun sailburuak ñabartu zuen Ertzaintzaren talde bat, Ingurugiro arlokoa hain justu, badabilela «eginkizun judizialean, instrukzio epailearekin batera, baina honek epaile aurrean ematen ditu kontuak, ez Jaurlaritzaren aurrean».

Nolanahi ere, Gasteizko Gobernuaren jarrera aldatu daitekeela azpimarratu zuen, «ikerketaren emaitzen arabera». «Oraindik ere prozesua luzerako izango da, instrukzioak urteak eramango ditu. Denbora nahikoa izango dugu ebaluatzeko Jaurlaritzaren posizioa aldatu behar den edo ez», azaldu zuen.

Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileek herri-akusazio gisa aurkezteko asmoa iragarri zuten astelehenean. Eragile ekologistek ere bere momentuan aurkeztu zuten herri akusazioa.

Langileen segurtasuna

Lehentasun diren bilaketa lan hauetan gastatzen ari diren diru kantitateaz galdetuta, Tapiak ez zuen argitu zenbatekoa baina bai «milioi asko» izaten ari direla eta beraientzat «inbertsioa» izango dela. Hala, nabarmendu zuen egunean 1.500 metro kubiko hondakin erauzten ari direla bilaketa-operatiboan, eta bertan lanean ari diren beharginak goraipatu zituen.

Prentsaurrekoaren ondoren, Lakuako ordezkariek eta hedabideetako kamera eta argazkilariek lanak bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten.

Ia zortzi hilabete lanean daramatzaten langileen segurtasunari dagokionez, zenbait kontu argitu nahi izan zituzten, segurtasun osoz lanean ari direla frogatzeko asmoz. Hondakinen kudeaketan eta ikerketan aditua den enpresa baten laguntza dauka operatiboak eta, abiatzear den etapa berrirako, lan plan zehatz bat ere osatu dute Osalan eta Bizkaiko Lan Ikuskaritzarekin koordinatuta, «amianto zuntzak egon daitezkeenez langileen babesari aurrea hartzeko». Hala, erabilera bakarreko norbera babesteko ekipamenduak ematen zaizkie bilaketa lanetan dabiltzanei, eta langileak deskontaminatzeko gune bat ere atondu dute.

Zabortegia behin betiko ixteko zigilatze mailakatua martxan da

Verter Recycling 2002 SL zabortegia behin betiko ixteko zigilatze mailakatua martxan dagoela jakinarazi zuen atzo Lakuako Gobernuko Ekonomiaren Garapen, Azpiegitura eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak. Zehazki, goiko aldean hasi dituzte lanak, 9. eremuan. «Horrek esan nahi du zabortegiko eremuak progresiboki iragazgaiztu ahal izango direla», adierazi zuen.

Sortutako lixibiatu kopurua minimizatzeko, aurretik berdindutako hondakin-masaren gainazala zigilatzeko instalazio bat diseinatu dute. Hasiera batean behin-behinean zigilatuko badute ere, hondakin-masa finkatu ondoren behin betiko itxiko dutela ziurtatu zuten.

Bestalde, sortutako hondakinak nora bideratzen ari diren ez zuen argi eta garbi zehaztu nahi izan Tapiak eta azaldu zuen oraingoz «ez dagoela kolapsorik». Hala, segurtasun depositu bat egitea proiektatu dutela adierazi zuen eta hori «amaitzear» dagoela. Guztira 120.000 metro kubikoko edukiera izango du eta hondakin arriskutsuen depositu gisa kategorizatuko dute, «kontrol maila zorrotz eta gorena» eduki dezan, Verter Recycling zabortegiak ez bezala.

Zabortegia eraisteak ingurumen hondamendia eragin zuen eta, alde horretatik, Ingurumen sailburu berria ere baden heinean, Tapiak azaleratu zuen «une oro» kontrolatzen dituztela airearen eta uraren kalitatea. Zehazki, zabortegiko gasaren kontrolari dagokionez, Herbehereetako Afvalzorg enpresaren aholkularitza dutela jakinarazi zuen, eta hark egingo duela «gasak biltzeko instalazio-proposamena». Urari dagokionez, hondakinekin kontaktuan jarri den ur kutsatua areken bidez bildu dute eta, drainatze-sistema moduan, hodi artekatuen sareak instalatu dituzte. Ura kolektore komun batera bideratu eta Apraizko Edar araztegian –Gipuzkoako Urak-ek kudeatzen du– tratatzen dutela azaldu zuen Tapiak.A.U.A.