GARA
MADRIL

Ardoa ekoizpen kostuen azpitik ez saltzeko neurriak eskatu ditu EH Bilduk

Ardoa ekoizpen kostuen azpitik saltzea saihesteko «neurri eraginkorrak» eskatu ditu EH Bilduk Madrileko Kongresuan. Mahats kiloa 50 zentimoan saltzea ohikoa dela ikusita, «Elikadura Katearen Legea betearazteko erremintak» azaltzeko eskatu du Ruiz de Pinedok. 

EH Bilduk «neurri eraginkorrak» eskatu ditu ardoa ekoizpen kostuen azpitik ez saltzeko. Horretarako, hainbat galdera erregistratu ditu Madrilgo Diputatuen Kongresuan. Galdera horietan, Ministerioari galdetzen dio ea zein planteamendu duen Elikadura Katearen Legea betearazteko eta mahatsa ekoizpen kostuen azpitik saltzen duten mahastizainak ez egotea bermatzeko.

Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko Arabako diputatuak azaldu duenez, «egoera ez da berria sektorean, baina ez da ezer egiten, eta ikusten jarraitzen dugu nola merkatuaren interesek eta upategi handien jarduera zalantzagarriek kontratuak ez betetzea eta ekoizpen kostuen azpitik saltzea eragiten duten».

Sektoreko eragileen arabera, mahats kiloa 0,70 euro baino gutxiagoan saltzea ekoizpen kostuen azpitik dago. Hala eta guztiz ere, kontratu batzuetan 0,50 euroko prezioa ezartzen da kiloko, eta, gainera, «kostuak txikiagoak direla baieztatzen duten klausulak sinatzea behartzen da».

«Arabako Errioxaren kasuan, 1.000 familiak baino gehiagok saltzen dute mahatsa, eta uste dugu administrazioek ezin dutela beste alde batera begiratu. Legea betetzen dela zaindu behar dute, sektore ahul eta babesgabe hori babestu behar dute berriak ez diren baina sektorea arriskuan jartzen duten praktiken aurrean», nabarmendu du Ruiz de Pinedok.

Turismo kanpaina

Arabako Errioxak gertuko turismoa sustatzeko kanpaina bat abiatu du, “Udazken errepikaezina. Bazatoz?” izenpean. Kolorez jositako mahastiek «distira» ematen diote udazkenean inguruneari eta ekimenaren bultzatzaileak Arabako Errioxara gerturatzeko une aproposa dela uste dute. Arabako Aldundiak, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak eta Guardiako Kuadrillak bultzatutako kanpaina hainbat forotan ezagutaraziko da, bisitariak erakartzeko asmoz. ABRA Upategien Elkarteak ere parte hartu du ekimenean.