Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Bahraingo Errege Guardiak Manaslu «konkistatu» du

Nepalek aurtengo udazkenean baimendutako espedizio bakarreko hamalau taldekideek gailurra egin dute 40 xerpak lagunduta.

Aurtengo montzoi osteko edo udazkeneko denboraldia berezia izan da oso zortzimilakoetan. Jakina, horren guztiaren errua pandemiak izan du. Soilik bi espediziok jardun dute. Eta biek ala biek helburua bete dute; hots, gailurra erdietsi dute.

Duela aste batzuk, Txinako espedizio batek Cho Oyun tontorra egin zuen. Baina espedizio hori Tibetetik igo zen. Manasluko gailurra zapaldu dutenak, berriz, Nepalen aritu dira. Gogoratu behar dugu zotzimilakoen denboraldi honetarako Nepalek baimen bakarra eman zuela. Eta onuraduna Bahraingo Erresuma izan zen. Ez da herrialde horretako talde batek antolatutako espedizioa izan, baizik eta Persiar golkoko estatuak berak bultzatutakoa. Horren erakusle, mendizale guztiak Errege Guardiako kideak izan dira.

Azken protagonista horiei dagokienez, aurreratu behar dugu taldea Nasser bin Hamad Al Khalifa emirrak koordinatu duela. Hau da, 2011ko Udaberri Arabiarrean “torturen printzea” bezala ezaguna egin zen emirrak. Bada, txinatarrek bezala, espedizio honek ere tontorra egin du. Atzo egin zuen; hain zuzen ere, goizeko seietan. Denera, Errege Guardiako hamalau kidek zapaldu zuten Manasluko (8.136 m) tontorra.

Espediziokideek, hori bai, arrakasta lortzeko laguntza handia izan dute: 40 alpinista nepaldar alboan izan dituzte. Gainera, sona zein eskarmentu handikoak, besteak beste, hamalau zortzimilakoak igo dituzten Mingma Xerpa, Chhang Dawa Xerpa eta Sanu Xerpa; Everest mendia 24 aldiz eskalatu duen Kami Rita Xerpa; eta munduko mendi garaiena igotzen alpinista gazteena, Tashi Lakpa Xerpa.

Gogora dezagun baimena lortu ahal izateko Nepalek eta Bahraingo Erresumak hitzarmen berezi bat adostu zutela. Baimena jasotzearen truke, “petrodolarren” erreinuak jakiak banatu zituen mendiko herrien artean. Hori da bederen ofizialki adierazi zutena.

“Torturen printzeak” zuzendutako espedizioa Lobuche mendian (6.119 m) egokitu zen girora. Urriaren 3an gailurra egin eta gero, taldekide guztiak helikopteroz kanpaleku nagusira eraman zituzten. Ibilbide guztia, laugarren kanpalekura arte, bost mendiko langilek ekipatu zuten. Hilak 13an lehen urratsak egin eta bigarren kanpalekuan atseden hartu zuten. Eta, aurreratu bezala, atzo Manasluko gailurra zapaldu zuten.

Dirudienez, gainera, Nasser Bin Hamad Al Khalifa emirrak esku artean duen xede nagusi baten lehen urratsa besterik ez da izan Manaslukoa. Izan ere, datorren urteko udaberrian Everest igotzeko asmoa dute.

Beste bi aipamen. Lehena, espedizioa hasi baino lehen xerpa talde handi batek Manaslutik 900 kilo zabor erretiratu zituen. Bigarrena, azken orduko aldaketaren bat ez badago, Nepalgo mugak azaroaren 17an zabalduko dituzte.

K2 neguan

Bien bitartean, munduko bigarren mendirik garaienak, Chogori edo K2 mendiak (8.611 m), neguan bisita bat jasoko du. Seven Summit Treks agentzia nepaldarrak aurreratu du espedizio komertzial bat antolatu duela. Jaso ditugun informazioen arabera, Chhang Dawa Xerpa izango da talde horren burua, eta, abenduaren 20an, negua hastearekin bat, mendizale guztiak Islamabaden elkartuko ditu. Oraindik ez dituzte argitu mendizaleen izenak, baina John Sorrirena aipatu da. Hots, iazko neguan nazioarteko espedizio batean parte hartu zuen islandiarrarena.

Gogoratu behar dugu zortzimilakoen artean neguan igo ez den bakarra beste espedizio baten helburu ere izango dela. Baina horretarako urtebete itxaron beharko da. Alex Abramovek zuzendutako talde handi batek iragarri du 2021-2022ko neguan K2 mendian jardungo duela.

Proiektu handi bat bezala aurkeztu dute espedizioa; izan ere, lau herrialdetako “selekzioak” hartuko du parte: Ukrainak, Errusiak, Kirgizistanek eta Kazakhstanek egingo dute bat. Abramovek aurreratu du herri bakoitzeko zortzi alpinista sasoikoenak aukeratuko dituela.