Asier ROBLES
donostia
KORRIKA

Korrikaren 22. edizioa urtebete atzeratuko da, 2022ra

Korrikaren 22. edizioa urtebete atzeratuko da, 2022ra arte. Halaxe erabaki du AEK-k, egungo osasun egoerak baldintzatuta. Erabaki «gogorra» izan dela eta AEK-k «kolpe ekonomiko handia» pairatuko duela aitortu zuten Asier Amondo Korrikako arduradunak eta Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak atzo egindako agerraldian.

Asier Amondo Korrikako arduradunak eta Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak agerraldia egin zuten atzo Donostiako San Telmo museoan, Korrikaren 22. edizioa atzeratzeko erabakiaren berri emateko. 2021eko udaberrian egitekoa zen, baina, adierazi zutenez, «osasun egoerak baldintzatuta» Korrika urtebete atzeratzea erabaki zuten duela bi aste, eta, azkenean, 2022. urtean egingo da.

Erabakia hartzea «gogorra» izan dela adierazi zuen Amondok. «AEK-ko kideen artean tristura handia sortu du erabakiak eta Euskal Herriko euskaldunengan ere disgustua sortuko du. Azken finean, Korrika da Euskal Herrian euskararen alde egiten den ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena», azpimarratu zuen penatuta.

Korrikako arduradunak adierazi zuenez, 2019ko edizioaren amaieratik 22. edizioa prestatzen ibili dira, eta antolaketa guztia «ondo» zihoan martxoa eta koronabirusaren pandemia heldu arte. Ordutik «aukera ezberdinak aztertzen» aritu dira hausnarketa sakon batean, «baina udaberri amaieran eguzki printza batzuk ikusi ziren arren, udan zerua berriro ere belzten joan da eta gaur egungo egoera ez da batere samurra».

«Egoera uste genuena eta nahi genuena baino askoz okerragoa da orain. Hori dela eta, AEKn Korrika atzeratzea hobetsi dugu, besteak beste, pandemiaren barruko transmisioa ahalik eta gehien murrizteko», aitortu zuen Amondok.

Gainera, ohiko Korrika bat antolatu ezin den honetan, ez dutela nahi Korrikaren «ordezko eskas bat» nabarmendu zuen: «Korrikak kalea behar du, bizia, mugimendua. Eta hori errepidera ateratzen direnek ematen digute, kalera ateratzen direnek».

«Kolpe ekonomikoa handia»

Korrika atzeratzeak AEKrentzat «kolpe ekonomiko handia» eragingo duela adierazi zuen Iribarrenek. «Azken finean, Korrikatik ateratako dirua AEK-ko euskaltegiak hornitzeko erabili izan dugu beti», gogoratu zuen.

Helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea «ezinbestekoa» dela gogoratu zuen AEK-ko koordinatzaile nagusiak eta, ildo horretatik, administrazioek euskaltegiei bideratutako baliabideak «oraindik nahikoak ez» direla adierazi zuen, «norabide egokian urratsak egin diren arren».

Bestalde, Korrika egin ez arren, hurrengo hilabeteetan lanean jarraituko dutela nabarmendu zuen, «euskaltegietara hurbiltzen ari zaizkigun milaka lagunek eskolak modurik eragingarrienean jaso ditzaten. Egunero, goizetik gauera, jarraituko dugu mintzapraktika egitasmoak abian jartzen, normalizazio planak, itzulpen eta zuzenketa lanak... Hilero argitaratzen dugun ‘Aizu!’ aldizkaria egiten ere jarraituko dugu. Lanez lepo ibiliko gara euskarak toki handiagoa har dezan».

Halaber, Iribarrenek gaineratu zuen AEK-k euskalgintzako eragileekin elkarlanean jarraituko duela 2021ean «herri honen euskalduntzean oinarri sendoagoak» ezarri ahal izateko. Ildo horretan, Hizkuntza Gutxituen Protokoloaren garapena, Geroa Euskaratik dinamika, Hizkuntza Gutxituen XVIII. Nazioarteko Biltzarra... aipatu zituen. Hori bai, Korrikak euskararen aldeko «bultzada itzela» eragiten duela gogoratu zuen Amondok, eta bultzada hori ezin dela «apaldu» argi utzi nahi izan zuen.

Azkenik, AEK-ko kideek Korrikan parte hartu ohi duten guztiei azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioan belarriprest edo ahobizi bezala izena emateko deia egin zieten.