Idoia ERASO
URRUÑA
Entrevista
THIERRY BISCARY
MUSIKARIA ETA KANTARIA

«Madonnarekin geundenean entzuten nuen musika lasai hori dago diskoan»

Lan oso pertsonal batekin helduko da gaur Thierry Biscary artista baxenabartarra Bilboko Loraldia jaialdira. 2018an «Manez eta kobreak» argitaratu eta gero, bakarkako bigarren diskoa du «Muda». Bertan, aldaketari eta eraberritzeari buruz mintzatzen da Biscary. Hegalka, Kokin eta mundu mailan aritzera eraman zuen Kalakan taldeetan aritu ondoren, bere alderik intimoena erakusten du egun.

Zenbait artistarekin kolaboratu du Thierry Biscaryk “Muda” diskoan. Hala, Uxue Alberdi, Jon Benito, Itxaro Borda, Xabier Euzkitze eta Jon Maiaren hitzak entzun daitezke bere ahotsean, baita Jeremie Garatek egindako musika moldaketak ere.

Zure izenarekin grabatzen duzuen lehen diskoa da, zergatik? Zerbait mudatu zaizu?

Lehenengo diskoan “Manez”-ek aipatzen zuen garai bat eta eskualde bat, baina, hasi nintzenean kantu berriak idazten, galtzen zuen bere zentzua. “Muda”-k aipatzen du nire bizitzako beste garai bat, ez da “Manez” bezala Ipar Euskal Herriko barnealdeari eta etxaldeari hain lotua, lotua da gehiago nire bizitzari, zer izan nahi dudan eta nola; zer atxikitzen dudan eta zer ez, konplikatuak diren hautuak egiteari buruz ari da. “Muda”-k badu zentzu bat, ez azalberritze bat soilik, zentzu zabalean, bada sasoi aldaketa, bada nortasun aldaketa...

Barneko lan bat egin dut, behar dira gauza batzuk utzi, eta, behin utzita, konturatzen naiz hobeki naizela orain. Adibidez, dibortziatu egin naiz, eta zaila izan da, baina ondotik etorri da hobekuntza; berdin pasatu zen Kalakanekin. Nire bizitzan, azken hamarkadan, horrela pasatu da, eta bide horretan muda aipatzeak zentzua zeukan.

Zenbait artistaren kolaborazioa izan duzu disko honetan.

“Manez eta kobreak”-ekin gauza bera egin nuen, hitzak idaztea galdetu nuen; beraiek badute jite bat nik ez dudana, badakite edozein gai tratatzen poesiaz, zizelkatzen dute hitzekin. Badira bi testu mota, enkargu horiek eta aspaldi ditudan testu batzuk, Itxaro Bordarenak, eta zentzua dutenak proiektuan.

Estilo oso ezberdinak entzun daitezke diskoan.

Bai, munduko musika asko entzuten dut. Fadoa bada atzean argiki eta badira kantautore batzuk ere. Hori Jeremie Garatekin konpartitu dut, bi mundu dira josten direnak, adostasun eta desadostasunekin. Lehen aldia da hori egiten dudala. Normalean taldean izana naiz edo “Manez eta kobreak”-en nik egin nuen. Euskal musika ere presente da, Xabier Lete dut erreferentzietako bat. Azken urteetako barneko lana interpretazioa da, nola komunikatu zuzenean.

Azken hamarkadan entzun izan dudan musika da; lasaia da. Kalakan taldearekin Madonnarekin geundenean musika hori entzuten nuen, horrelako parafernalia batean geunden, eta nik musika hori entzuten nuen, zentratuta.

Konfinamenduak zein eragin izan du diskoan?

Diskoa egina zen, baina duda bat sortu zitzaidan, “kobreak” zer? Salto oso handia bada musikalki, eta jendea galduko zela pentsatu nuen, eta orduan gehitu ditut “kobre” pasarte batzuk. Eta pozten naiz hori egin dudala, lotura egiten dut bi diskoen artean. Konfinamenduak zentratu nau, eta ia hurrengorako ematen dit bidea, “kobreak” ez ditut baztertu nahi guztiz.

Diskoa amaituta, orain zuzenekoak eskaintzen ari zara.

Bai, soka laukote moduan ari gara, Jeremie Garat, Amaiur Carajaville, Joel Merah eta ni neu. Soka instrumentuak jotzeaz gain denek abesten dute nirekin. Errepertorioan badira “Manez eta kobrea”-ko kantak ere. Lasaitasuna ekartzen dit, goxotasuna. Zentratzen nau musikalki, behar naiz biziki errotua izan, hor jotzeko. “Manez”-en arintasuna bada, eta sakona ere bada, batzuetan grabeegia.

Aktore lanetan ere aritu zara Eugene Greenen «Atarrabi et Mikelat» filmean.

Biziki ederra izan da. Eugene biziki goxoa da, Zinemaldian gertatu zena salbuespena da. Esperientzia oso ona izan dut berarekin. Oso bitxia da bere hizkuntza, emaitza berezia da. Film horretan ez naiz aktore sentitzen, niretzat gehiago zen hizkuntzaren inguruko lan bat.