GARA
GASTEIZ

Matriceria Deusto eta GTS ez ixteko esku hartzeko eskatu diote Lakuari

Gestamp Taldeko Matriceria Deusto eta GTS enpresetako langileek Gasteizko Parlamentuaren aurrean protesta egin dute, zuzendaritza nagusiak bi lantegi horiek ixteko duen asmoa salatzeko. Lakuako Gobernuari eskatu diote auzian esku hartu dezala, enplegua erregulatzeko espedientea bertan behera uztea exijituz Gestamp Taldeari.

Urriaren 9an behin-behineko greba abiatu zuten Matriceria Deusto eta GTS enpresetako langileek. Zamudioko bi fabrika horiek Gestamp Taldekoak dira eta zuzendaritzak biak ixteko duen asmoa jakinarazi bezain laster hasi ziren protestan langileak, ELAk eta LABek deituta. 

Behin-behineko greba deialdi horren barnean, Lakuako Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak atzo auziari buruzko azalpenak eman behar zituela kontuan hartuta, Gasteizko Legebiltzarraren parean mobilizatu ziren. Gehiegi zehaztu gabe, Tapiak adierazi zuen Gasteizko Gobernuak ahaleginak egingo dituela auziari «konponbide onena» emateko.

“Dirulaguntza publikoak= Kosturik gabeko kaleratzeak” eta “Gestamp lapurrak, gestore gutxiago eta langile gehiago” gisako leloak erakutsi zituzten pankartetan Legebiltzarraren aurrean batu ziren langileek.

Legebiltzarreko prentsa aretoan langileek ohartarazi zutenez, Bizkaiko matrizegintzaren muina diren bi enpresa dira eta 230 behargin kale gorrian geratzeko zorian daude uneotan. Hori dela eta, Matriceria Deustoko eta GTSko enpresa batzordeetako presidenteek –Moises Gomez eta Izaskun Olano, hurrenez hurren–, Zamudioko bi enpresak ez ixteko ahaleginak egin ditzala exijitu zioten Lakuako Gobernuari. «Jarrera garbi bat hartzeko garaia» dela adierazi eta Lakuari ohartarazi zioten Gestamp Taldeak jasotako laguntza publikoak ez dituela bideratu berez hitzartuta zeuden helburuetara; alegia, diru publikoaz aprobetxatu izana leporatu zioten zuzendaritzari eta, Lakuari, emandako dirua nola erabili den kontrolatu ez izana. Horregatik, Arantxa Tapia sailburuari Gestampi enplegua erregulatzeko espedientea bertan behera uzteko exijitzea eskatu zioten.

Urriaren 24an manifestazio bat egingo dute langileek Lakuak Bilbon duen egoitzatik abiatuta. Enplegua eta euskal industria babestea exijituko diote Iñigo Urkullu lehendakariari.

 

Kontrol saioa

Arantxa Tapiak Lakuako Gobernuak gatazkari «konponbide onena» emateko duen konpromisoa berretsi zuen Gasteizko Legebiltzarreko kontrol saioan, EH Bilduk egindako galderari erantzunez. Koalizio abertzaleak exijitu zion auzi honetan Lakuak aplikatu nahi dituen neurriak zehaztu zitzala, bi aldeen harremana «estua» dela eta Gestamp Taldeak diru publikotik «milioika euro» jaso dituela aintzat hartuta. Arrazoi horregatik, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak Tapiari «presio egiteko daukan gaitasuna» erabiltzeko eskatu zion, baita enpresarekin sinatutako akordioak zalantzan jartzea ere «230 langile kaleratzeko asmoan tinko jarraitzen badu».