Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Natura

Lagunartean kaka demokratizatzea esaten genion norbaitek egindakoaren gaineko erantzukizuna saihestu aldera gertaturikoa denen ardura bezala agertu nahi izanari. Esaera hori etorri ohi zait burura ikasle batek erdi-galdetu erdi-adierazten duenean gizakion “naturaren” parte den eta beraz saihetsezina ez ote den ingurukoak menperatu nahi izatea. Homo homini lupus, alegia.

Garai batean Europako pentsaera politikoaren hirutasuna—uler bedi Thomas Hobbes, John Locke eta Jean-Jacques Rousseau—irakasten nuen gobernuari buruzko zenbait jarrera aztertzeko. Locken tabula rasa kontzeptua eta Rousseauk gizarte egiturei zuzenduriko kritika erakargarriak egin arren, Hobbesi ematen zioten arrazoia ikasleek hutsik egin gabe. Jadanik ez ditut aipatu pentsalarien lanak irakasten, ez zuzenean behintzat, noiz edo noiz kolonialismoa ardatz duten lezioetan erreferentzia egin ohi diegun arren. Horrelakoetan ere Hobbesen aldeko botoak nagusitu egiten dira.

Ez dakit ikasleek benetan sinesten duten gizakiok bata bestea menperatu nahi dugula, edo ondorio horretara iritsi diren Ipar Amerikak eta Europak munduko gainerako lurraldeekiko duten jarrera aztertu ostean. Hots, gizakiaren naturaren adierazpena baino gehiago, bi lurraldeen botere eta indar gehiegikeria arrazoitzeko modua ez ote den Hobbesen alde egitearen arrazoia. Kaka demokratizatzea, alegia. Delako “gu”-a ez da egindakoaren erantzule; gizaki izatearen parte dira bere ekintzak eta, beraz, saihetsezinak. Erasotakoak irakurketa bera egin dezake, ordea. Imajinatu ondorioak.