Andoni ARABAOLAZA
MONT BLANC

«Freney-ren triptikoa» 46 orduan sinatu dute

Francesco Ratti eta François Cazzanelli izan dira protagonistak. Renatto Casarottok 1982. urtean asmatutako proiektua da.

Renato Casarottok alpinismoaren historian urrezko pasarteak idatzi zituen. Ez gara hasiko guztiak zerrendatzen, baina bada bat alpinista italiarren artean sona berezia duena. “Freney-ren triptikoa” du izena. Casarottok berak asmatutako proiektua da. 1982. urtean Mont Blanc-eko hiru horma neguan kateatu zituen. Gainera, bakarrik. 16 egun behar izan zituen Peuterey-ren Aiguille Noire-n “Ratti-Vitali”, Gugliermina mendiko “Gervasutti-Boccalatte” eta Freney-ko “Bonington” bideak lotzeko. Zalantzarik gabe, garai haietarako balentria gogoangarria izan zen.

Bada, aurtengo udan, Casarottoren lekukoa Francesco Rattik eta François Cazzanellik hartu dute. Bai, udan esan dugu, eta ez neguan, alpinista historikoak egin zuen bezala. Hori bai, bi protagonista horiek 46 ordu baino ez zituzten behar izan xede hori biribiltzeko; beraz, non-stop eran, eta Val Veny irteera eta helmuga puntu izan zutela.

Rattik azaldu du gogo handia zutela Mont Blanceko ikurrak diren hiru bide horiek lotzeko: «Françoisek eta biok Peuterey-ko integrala eskalatu genuenetik, makina bat aldiz soka gerrira lotu eta jarduera ugari egin ditugu. Alpinista zein sokakide gisa asko aurreratu dugu. Eta uste dugu proiektu hori elkarrekin egitea eboluzio natural bat dela. Xede tekniko gogorra da, eta jakin bagenekien geure mugetara eramango gintuela. Horregatik egin genuen apustu hori. Jakina, oso sasoiko egoteko gogor entrenatu ginen. Duela pare bat urte probatu nahi genuen, baina proiektu eta espedizio batzuek asmo hori atzeratzera behartu gintuzten. Aurten, berriz, pandemiaren erruz erronka guztiak alde batera utzi ditugu. Eta horregatik erabaki genuen iragan udan eskalada azkar horretan buru-belarri sartzea».

Protagonistek adierazi dute eskalatu behar zituzten bideak ezagutzen zituztela. Alabaina, gehitu dute zalantza bat baino gehiago zutela: «Proiektu honi ekin baino lehen, argi izan behar genuen eguraldiak ezin zuela eskalada hau baldintzatu. Horretaz gain, ez zen batere erraza egun libre batzuk edukitzea; izan ere, biok ala biok mendi gidariak gara eta udan lan asko egiten dugu. Uztailaren amaieran, eguraldiaren iragarpenek zioten bi eguneko leiho on bat izango genuela. Zoritxarrez, bezperan ereduak aldatu ziren, eta adierazi ere Guglierminara iristekoak ginen egunean ekaitza lehertuko zela. Azken unera arte, zalantza ugari izan genituen. Beste buruhauste bat glaziarren egoera zen».

Hasteko eta behin, bi alpinista italiar hauek “Ratti-Vitali” bidean sartu ziren. Bide klasiko honek 800 metro ditu, eta Peuterey-ren Aiguille Noire-ko mendebaldeko horma zeharkatzen du. Rattik azaldu duenez, Val Venytik goizeko ordu batean irten ziren: «Monzinoko aterpean gosari azkar bat egin, bidearen oinarrira abiatu eta marra eder hori lau orduan eskalatu genuen. François eta biok oso eraginkorrak eta azkarrak izan ginen. Gailurraren azpian soilik galdu genuen denbora pixka bat; sekzio hori ez genuen guztiz ezagutzen».

Ekaitzaren mamua

Orratz hori rappelatu ondoren, bi protagonistok Gugliermina mendiaren oinarrira arratsaldean heldu ziren. Ekaitzaren mamua gainean zuten, eta azken berriek ez zuten ezer argitzen: «Eguraldiaren iragarpena guztiz zehatza ez zenez, geure senari ateak zabaldu eta aurrera jarraitu genuen. Uste osoa genuen balizko ekaitza iritsi baino lehen ‘Gervasutti-Boccalatte’ bidea amaitzeko gai izango ginela. Jakin bagenekien marra hau ‘Ratti-Vitali’ baino motzagoa dela eta zailtasun tekniko txikiagoak dituela. Hala eta guztiz ere, bosgarren mailako luzeak gogorrak iruditu zitzaizkigun. Eta ibilbidea ez da batere agerikoa. Arratsalde horretan egin zuen beroak eta aurreko eskaladak lan handia egitera behartu gintuzten. Azkar ibili behar izan genuen gauak bide horretan ez harrapatzeko. Zorionez, gailurrera ilunabarrean iritsi ginen. Une jakin horretan lehertu zen iragarrita zegoen ekaitza. Tontorraren azpian zegoen arroka handi batean babestu ginen».

Hein batean, bederen, ekaitz horrek italiarren planak aldatu zituen. Berez, Peuterey-ren Aiguille Blanche-ra jarraitu eta han atseden hartu, jan eta edan behar zuten: «Ordu batzuk galdu genituen. Aterpe hartu genuen zulo horretan ezer gutxi egiteko aukera izan genuen. Tontor hori goizeko ordu bietan utzi genuen atzean, eta Aiguille Blanche-ra baldintza kaskarrekin iritsi ginen. Elurra ari zuen, baina, halere, denbora izan genuen jan eta edateko. Hitz bitan, indarrak berreskuratu behar genituen».

Freney-ra oso nekatuta heldu ziren, baina zutoin horrek eskaintzen duen granito perfektuak eta eguzkiaren agerraldiak egoera erabat aldatu zien: «Erabat motibatuta geunden xede horrekin jarraitzeko, eta onartu behar dugu asko gozatu genuela 4.000 metrora dagoen bitxi hori eskalatzen».

Mont Blanceko gailurra zapaldu eta berriro Val Veny-ra itzuli ziren. Denera, 26 orduko joan-etorria. Gogoratu behar dugu italiar hauek, alpinista zailduak izateaz gain, abiadura handian egiten diren jardueretan espezialista handiak direla.

Cazzanellik onartu du “Freney-ren triptikoa”-k asko eskatu diela: «Xede honetan geure burua asko presionatu ditugu. Zailtasun handia duen erronka hau estilo honetan egitea oso-oso zaila da. Ehuneko ehun eman genuen, baina ez dugu uste arrisku handiak hartu genituenik. Ez genituen estres uneak bizi. Oso ondo prestatuta geunden, eta norberaren gaitasunak indarrean jarri genituen. Ensamblean asko eskalatu genuen, baina, jakina, geure burua bebestuz. Eta ‘Ratti-Vitali’ bidean zazpi luze egin genituen, gutxi gorabehera 450 metro. Azkenik, Renato gogoan izan nahi dugu. Zalantzarik gabe, txapeldun handi bat izan zen. Zaila da ulertzea nola igaro zituen Mont Blanceko alderdi horretan bi aste neguan eskalatzen. Asko inspiratzen gaitu! Baten batek galdetu digu xede bera neguan egiteko asmorik ba ote dugun. Oraingoz, ez dugu gai hori aztertu».