GARA
BAIONA

Paperik gabekoen Elkartasun Martxarekin bat egin zuen Baionak

Pariseko kaleetan paperik gabeko herritar eta migranteen aldeko elkartasunak gainezka egin zuen une berean, atzo arratsaldean, ehunka lagun Baionan manifestazioan atera ziren. Goizean, Hendaiako CRA zentroaren aurrean, berau itxi dezatela eskatu zuten herritarrek.

Paperik gabekoen egoera erregulatzea, atxiloketa zentroak desagertzea (CRA frantsesez) eta denontzat bizi baldintza duinak eta egoitzak izatea; eskaera nagusi horiek egin zituzten atzo arratsaldean Baionan Etorkinekin kolektiboak deituriko manifestazioan. Joan den larunbatean Estatu frantseseko hiru puntutatik atera eta atzo eguerdian Pariseko kaleak leporaino bete zituen paperik gabeko eta migranteen aldeko Elkartasun Martxak, eta bertan plazaratutako aldarriekin bat egin nahi izan zuten Lapurdiko hiriburuan elkartu ziren ehunka herritarrek. Elkartasun uholdearen ispilu izan zen Baiona; Parisen, bitartean, Eliseorako bidea hartu zuten milaka herritarrek, manifestazio arras jendetsuan.

Goizean, Hendaian kokatutako Migranteak Atxikitzeko Zentroaren aurrean berau behingoz itxi dezatela eskatu zuten. Bidasoaren hegoaldetik SOS Arrazakeria, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Irungo Harrera sarearen babesa jaso zuen ekimenak. Etorkinekin kolektiboko kide Amaia Fontangek Hendaian bertan aipatu zuenez, ekimen honekin Elkartasun Martxarekin bat egitea zuten xede; «Guk, Euskal Herritik, nahi dugu mezu hau igorri: gure elkartasuna erakutsi nahi diegu eta, era berean, gogorarazi nahi dugu hemen aterpetzen ditugula 200 bat emigrante». Babes sare honetan, Ipar Euskal Herriko hainbat herritarrek babesten dituzte migranteak beren etxeetan.

Iruñea, antirrazista

Atzo ere elkarretaratze antirrazista izan zen Iruñean, atzerritartasuneko hitzorduen atzerapenak salatzeko. Nafarroako Arrazismoaren Aurkako Mugimenduko kideek deiturik, Gobernu espainolaren Ordezkaritzaren egoitzaren aurrean protesta bat egin zen Atzerritarren Bulegoan izapideak egiteko hitzorduak ematean izandako atzerapenak salatzeko. Egoera hori «arrazakeria instituzionaltzat» jo zuten bertan bildutakoak. Antza denez, 2018. urte erdialdetik Atzerritarren Bulegoan hitzorduak emateko atzerapena «kronifikatu ez ezik, nabarmen okertu da», Arrazismoaren Aurkako Mugimenduak dioenez.

Elkarte honek salatzen duenaren arabera, Administrazioak bide telematikoa lehenetsiko duela adierazi zuen arren, «bide telematikoa erabiltzeko aukerarik ez dagoela ezkutatzen da».