Jon GARMENDIA
Idazlea

Nora

Etxetik atera, eta atzerantz begiratu gabe, aurrera joan. Ez joan nonbaitera iparrorratza finkatuta, zuk ez dakizu nora zoazen, baina bazoaz. Ez zara galdu, zeure burua aurkitu duzu. Ez duzu behar nehor ondoan, zu izateko aski zara zu, gehiegi apika. Eta bidean haizearen gozoa nabari duzu masailean, kolpeka zure matela gorrixketan free hitza marrazten duela sentitzen duzun bitartean. Baldintzarik ez, ez eta ertzetara itsasten zaituen begiradarik ere, ez duzu nahi gelditzera behartzen zaituen loturarik. Itxi gabe utzitako ateak hor daude, ordea, eta zirrikituetatik begiratu nahi duzu, ea zer edo zer utzi ote zenuen haietan gordea. Utzi autoa, isilarazi telefonoa, hartu lozakua eta ibili. Zokoak ederrak dira, paisaiak ere bai gozatzeko, baina efimeroa da dena, pasa eta segi, zu ez bazaude ere lekuek hor jarraituko baitute. Ez gogo berezirik piztu, desira ukan, eta bete, eta hustu. Bakardadearen epopeia. Nostalgia polita. Itolarriei arretarik ez eta abenturan murgildu, bidaiatu buruarekin ere, zaudena baino urrunagora joan.

Izan eta bizi. «Le pouvoir du moment présent». Txikitatik hainbestetan entzun duzun hitz potoloa, askotan aipatu duzuna, zugan sentitu, askatasuna zu baitzara, erreferendumik demokratikoena, erabakitzeko eskubide gordina. Xumea bezain ederra. 

Lara Izagirreren “Nora” filma ikusiz hau dena etorri zait, ez dakit logika zehatzik baduen, baina arnasgune berri bat aurkitu dut. Txalo.