GARA
BAIONA

Desobedientzia ekintza bultzatuko dute Bakegileek abenduaren 19an

Bakegileen biltzarrak «mobilizazio ziklo determinatu eta iraunkor bat bultzatzea» erabaki du. Ekimen hori handituz joanen da hurrengo hilabeteetan, eta euskal presoek pairatzen duten salbuespen politika amaitu arte luzatuko da. Bakegileek hitzordu bat ezarri dute, abenduaren 19an, Luhusoko operazioaren 4. urtemugaren karietara.

Orain arte eraman den mobilizazio dinamika «Parisen entzunarazia izateko» ez dela aski izan ikusirik, iragan larunbatean Baionan egin zuten biltzar berezian Bakegileek «ekimen diplomatiko, pedagogiko eta mobilizazio modu berrien bidez» jarduteko erabakia hartu zuten.

«Beti erran izan dugu eta erakutsi dugu presoen auzia guztiz loturik dagoela biktimen auziarekin, istorio bereko bi adierazpen krudel direlako, eta biek elkarbizitzarekin lotura dutelako, baina gaur egun oztopo bat bada bake eta elkarbizitzaren bidea trabatzen duena: presoen dosierraren blokeoa», nabarmendu zuten Bakegileek atzo plazaratu zuten oharraren bidez. Agiri horretan oroitarazi zutenez, hamarkada batez aldebakartasunetik garatu den prozesuak ETAren borroka armatuaren behin betiko amaiera, erakunde horren baldintzarik gabeko armagabetzea eta finean bere desegitea ahalbidetu ditu. Izan ere, estatuek ez dutela espero zitekeen erantzunik eman ondorioztatu zuten Baionako Elkarteen Etxean eginiko biltzarrean batu ziren 60 bat eragileek. Gizarte zibileko zein erakundeetako ordezkariak bildu ziren, tailerren bidez gauzatu zen bilkura berezi horretan.

Hori dela eta, «ekimen diplomatiko, pedagogiko eta politikoak» atxikiko badituzte ere, mobilizazio modu berriei hasiera emateko deliberoa hartu zuten bileran parte hartu zuten eragileek. Hala, Bakegileen biltzarrak «mobilizazio ziklo determinatu eta iraunkor bat bultzatzea» erabaki zuen. Bileraren ostean iragarri zutenez, mobilizazio hori handituz joanen da hurrengo hilabeteetan, eta euskal presoek pairatzen duten blokeo politikoa eta salbuespen neurriak amaitzea lortu arte luzatuko da.

Mobilizazio bi bistan

Dagoeneko aurreneko hitzordu bat eman dute Bakegileek. Abenduaren 19an, larunbatarekin, ETAren armagabetzeari loturiko Luhusoko operazioaren laugarren urteurrenaren karietara, «euskal presoen aldeko desobedientzia zibileko ekimen batera» deitu dute.

«Ekimen hori masiboa eta determinatua izango da eta filosofia baketsuan kokatuko da, pertsonen eta pluraltasunaren errespetuan gauzatuko baita», iragarri zuten Bakegileek. Prentsa-oharrean diotenez, ehunka boluntario beharko dira ekimen «indartsu eta desobediente» hori egiteko. Antolaketari begira, ondoko egunotan xehetasun gehiago emanen dituzte parte hartzeko moduari buruz.

Horretaz gain, 2021eko urtarrilaren 9an beste mobilizazio bat izanen dela iragarri dute.

Presoen auzia dela-eta, atzo, Parisko Dei Auzitegiak hitzordu berria eman zion Josu Urrutikoetxeari. Epaitegiak jakinarazi zuenez, 2021eko otsailaren 22 eta 23an eginen da 2010ean Urrutikoetxeari auzi-ihesean egin zioten epaiketaren errepikapena.

IIPP anuncia dos próximas repatriaciones y tres acercamientos

Instituciones Penitenciarias anunció la próxima repatriación de uno de los presos más veteranos: Joseba Arregi Erostarbe. El oñatiarra lleva 28 de sus 74 años en prisión y se halla enfermo. Llegará a Martutene de Asturias.

IIPP informó también de que repatriará a Garikoitz García (desde Picassent a Zaballa) y acercará a Ugaitz Pérez, Alicia Sáez de la Cuesta (ambos de Castelló a Logroño) e Iñaki Armendariz (de Herrera de la Mancha a Burgos).

Los cinco ya han cumplido las 3/4 partes de sus penas. GARA