Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Kimera

Behin-behinekotasun eta aldizkakotasun horren ondorioz, diru-sarrerak irregularrak, urriak eta aurreikusi ezinak dira, eta, beraz, prekaritate-egoerak sortzen dira». Artisten lan egoeraren gainean ari da Kulturaren Euskal Behatokiak argitaratu berri duen “Karrera artistikoen profesionalizazioa” ikerketa. Azterketa arrunt argigarria, artista-sortzaileen lan egoeraren berri izateko. Argitzen da prekaritate egoera ez dela une zehatz batek eragindako zirkunstantzia, berezkoa duena baizik. Ikerketa lanbide artistikoen gainean aritzen da, horien espezifikotasunak zehazten eta aztertzen. Lehendik dakizkigun ezaugarriak eta arazoak xehatzeak eta zehazteak, lanbide artistikoetan aritzen direnen egoerari aurre egiteko irtenbideak bilatzen lagundu beharko luke.

«Kontuan hartu behar da, halaber, proiektuak ikertzeko, sortzeko eta inkubatzeko prozesuak luzeak direla eta denbora behar dutela», jarraitzen du ikerketak. Denbora. Sortzeak denbora eskatzen du; aldiz, nork hartzen du kontuan sortze denbora hori lana dela? Kontalarioi askotan eskatu ohi digute gai baten gaineko kontaketa saio bat egitea, kontuan hartu gabe horrek eskatzen duen denbora. Ideia bilatu, ikerketa lana, prestatzea, ikuskaria zehaztu… Ezkutuko lana, istant batean egiten ez dena.

Ikerketa lan honek ezinbesteko ikusten du ere laguntza publikoen beharra, «merkatuaren ikuspegitik kimera hutsa baita ogibide horien iraunkortasuna». Euskal kultura kimera hutsa izan ez dadin, kultura- politika eraginkorrak behar dituela litzateke ondorioa, beraz.