Ion SALGADO
GASTEIZ

Euskal errepublikaren aldeko aldarria Legebiltzarraren atarian

Dozenaka lagun bildu ziren atzo, Gasteizen, Ehun mugimenduak antolatutako ekimenean parte hartzeko. Legebiltzarra inguratu zuten eguerdian, euskal errepublika aldarrikatzeko. «Benetako burujabetza behar dugu. Euskal errepublika bat behar dugu», adierazi zuten autonomia estatutuak «trikimailuak» direla ohartarazita.

Dozenaka lagunek inguratu zuten atzo Gasteizko Legebiltzarra, Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimenduak deitutako ekimenarekin bat eginez.

«Hemen bildu gara, EAEko Autonomia Estatutuaren 41. urteurrenean, autonomia estatutuek eman dutela eman zezaketen guztia esateko. Denok dakigun moduan, marko autonomiko espainiarrak etorkizun ilunago bat besterik ezin digu eskaini. Bertan jarraituz gero, degeneratuz joango zaigun etorkizuna. Autonomia espainiarren mugak onartuz gero, zulora goaz, beraz», ohartarazi zuten mugimenduaren ordezkariek.

Azaldu zutenez, Nafarroako eta EAEko estatutuak, «orain dela 41 urteko matxinada giroan, sable zaratak lagun, burujabetza nahiari muga jartzeko sortu ziren. Autonomia estatutu hauek, euskal herritarroi burujabetza emateko baino, euskal herritarrok burujabetza gehiago ez lortzeko giltzarrapo gisa pentsatu ziren».

«Horregatik, uste dugu iritsi dela argi hitz egiteko garaia: autonomia estatutuak trikimailuak besterik ez dira izan, txikikerien inguruko erabakiak hartzeko ahalmena oparituz, gure bizitza eta lurraldeen gaineko erabakiak hartzen ditugula sinetsarazteko. Horregatik, tutoretzapeko autonomia hauek benetako burujabetza giltzapetzeko kaiolak direla diogu. Betiko elite ekonomiko, politiko eta kulturalak irabazten jarraitzeko beharrezkoa duten kaiola», gaineratu zuten.

Eta «datozkigun garai nahasietatik onik ateratzeko» burujabetza ezinbestekoa dela ohartarazi zuten. Izan ere, Ehun mugimenduko kideek atzo Gasteizen egindako mobilizazioan salatu zutenez, «Estatu espainiarraren menpe dauden autonomia hauetatik eliteek gure ordez hartzen dituzten erabakien ondorioz, gero eta soldata baxuagoak, pentsio baxuagoak, osasungintza murritzagoa, hezkuntza kaskarragoa, bizitza ezduinagoak... besterik ezin dugu espero».

«Marko autonomiko espainiarra ez da gai burujabetza herriarengan uzteko. Horrela, ozen diogu, atzean dugun Parlamentu horrek ez gaituela salbatuko. Euskal herritarrontzat hondamendia dela. Horregatik, gaur eta hemen, benetako burujabetza behar dugu. Gaur eta hemen, euskal errepublika bat behar dugu», azpimarratu zuten.

Helburua, burujabetza

«Burujabetza lortzen badugu, alor guztietan bizi baldintzak hobetu ahalko ditugu etorkizunean, eta horretarako ezinbesteko erreminta da euskal errepublika», adierazi zuen Unai Apaolaza Ehun mugimenduko kideak, eta aurrera begira Ehun-ek ekimen gehiago antolatuko dituela iragarri du. «Burujabetza eskatzetik praktikan jartzera pasatu behar dugu eta horrek sortuko duen talkak euskal errepublika lortzeko nahia zabalduko du», gaineratu zuen.

NAIZ Irratian egindako elkarrizketa batean gogorarazi zuen zein den duela urtebete sortutako Ehun mugimenduaren xedea. «Egunerokoan eragiten diguten arazo eta kezketatik abiatuz, Euskal Errepublikaren beharra mahaigaineratzeko» mugimendua da. Eta Katalunian martxan jarritako prozesua «eredugarria» dela adierazi zuen. Bere ustez, euskaldunok eta katalanak «eskutik helduta joatea» onuragarria izango litzateke.

Katalunian ANCk eta Omnium Culturalek, beste eragile sozial batzuen laguntzarekin, prozesu subiranista martxan jarri zuten, eta alderdiek bat egin zuten independentzia eskuratzeko beharrezkoak ziren neurriak Parlamentuan adosteko. Ehun mugimenduak halako eskema proposatzen du; izan ere, Apaolazaren iritziz, «herria aktibatu beharra dago. Eta herri aktibatu baten aurrean alderdi politikoak mugitu egingo dira».