GARA
GASTEIZ

Santi Brouard oroitu dute Legebiltzarrean, hil zuteneko 36. urtemugaren bezperan

Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkura hasi aurretik Santi Brouard ezker abertzaleko buruzagi eta HBko parlamentari ohia oroitu zuten atzo minutu bateko isilunearekin talde guztietako ordezkariek. Ostiral honetan 36 urte beteko dira GALeko mertzenarioek tiroz hil zutela.

Horrekin batera, Parlamentuaren sarrera nagusiaren ondoan «terrorismoaren» biktimen omenez dagoen oroitarriaren alboan suontzi bat eta bere argazki bat jarri zituzten.

Legebiltzarrak 2014ko otsailean erabaki zuen atentatuan hildako Gasteizko ganberako lau ordezkariak oroitzea: Fernando Buesa eta Enrique Casas PSEko kideak, Gregorio Ordoñez PPkoa eta Santi Brouard Herri Batasunakoa. Ordutik, urtero oroitzen dituzte, hil zituzten datatik gertuen egiten den osoko bilkuran.

Brouard 1984ko azaroan hil zuten tiroz bere mediku kontsultan, Bilbon. Egun horretan bertan baina 1989an, Josu Muguruza HBko diputatua ere hil zuten Madrilen, Alcala hotelean. Bien omenez Egiari Zor fundazioak lore eskaintza egingo du Ametzola parkean (12.00) eta, ondoren, ekitaldi politikoa Errekaldeko plazan (12.30). Arratsaldean, Sortuk manifestazioa deitu du, 19.00etan.