GARA

Afro-brasildarra jipoituta hil zuten eta herrialdean matxinada piztu da

Lurrean immobilizatuta, «ezin dut arnasa hartu!» erreguka zegoela, ukabilkadaz hil zuten afro-brasildarraren irudiak biral bihurtu, eta sumina piztu dute Brasilen. Agintariek arrazismoa badagoela ukatzen dute, kanpotik ekarritako kezka dela diote, baina mendeetako esklabotzaren zauriek zabalik diraute.

gara-2020-11-21-Noticia

Telefono mugikor batekin hartutako irudiak lazgarriak dira, hotzikara eragiten dute, eta sumindura olatu itzela eragin dute Brasilen. Carrefour taldeko Porto Alegreko supermerkatu batean gertatu zen izugarrikeria. Bi zaindari zuri –polizia militarra da bietako bat– agertzen dira; batek Joao Alberto Silveira Freitas 40 urteko afro-brasildarra lurrean immobilizatuta dauka eta bestea hiltzeraino ukabilkadak eman eta eman ari zaio.

Irudiek George Floyd afro-amerikarraren heriotza dakarte gogora, eta, Floydekin AEBetan gertatu bezala, Brasilen ere matxinada handi bat piztu da. Are gehiago, Silveira Freitasen lagunen esanetan, honek ere, Floydek bezala, «ezin dut arnasa hartu!» erregutu zien bi zaindariei (bietako bat, polizia militarra).

Sao Paulon, Rio de Janeiron, Brasilian… hainbat hiritan izan dira protestak, Kontzientzia Beltzaren Egunarekin bat. Horietako batzuk Carrefourren supermerkatuen aurrean antolatu dira, beste batzuetan su eman diete supermerkatuei eta jadanik multinazional frantziarrari boikota egiteko deialdia zabaldu da herrialdean. Suminduta zeuden manifestarien hitzetan, «brasilen beltza izatea zure eskubideak eta gizatasuna kentzea da, lasai joan eta etortzeko aukerarik ez izatea; polizia eta zaindariek akusatu bat bezala ikusten zaituzte, baita biktima zarenean ere».

Irudi bortitz eta esplizitu horiek ikusita, Nazio Batuen Erakundeak Brasilen duen ordezkaritzak hau adierazi zuen: «Herrialdean milioika beltzek arrazismoaren eta diskriminazioaren biktima izaten jarraitzen dute, baita modu biolentoenetan ere». Horretaz gain, ikerketa azkar bat egiteko eta larritasunaren neurriko zigorrak ezartzeko eskatu zuen.

Esklabotzaren aztarnak

Jair Bolsonaro presidente ultraeskuindarrak, berriz, ez zuen ezer esan heriotzari buruz. Bere Defentsa ministro Hamilton Mourak, aldiz, «Brasilen arrazismorik ez» dagoela esan zuen, arrazismoaren aurkako salaketa eta protestak «kanpotik ekarriak» direla gaineratuz.

Brasil da Amerikan esklabotza abolitu zuen azken herrialdea, 1899an. 212 milioi biztanle ditu eta erdiak baino gehiago (%57) beltzak edo mestizoak dira. Halere, langabetuen %70 dira, gazteago hiltzen dira eta zuriek baino hiru aldiz aukera gehiago dituzte bortizki hiltzeko. Iaz argitaratu zen “Biolentziaren Atlasa”-ren arabera, 2008tik 2018ra afro-brasildarren heriotza biolentoak %12 ugaritu ziren eta zurienak, %13 gutxitu.

Bistan da, Bolsonaroren negazionismoa gorabehera, esklabotzaren eragina bizirik dagoela Brasilen eta arrazismoa ez dela inportatu nahi den kanpoko fenomeno bat. Aitzitik, afro-brasildarren heriotza biolentoak naturalizatzea eta zuritzea oso ohikoa da diskurtso politikoetan. Joao Alberto Silveira Freitasen heriotza arrazismoaren existentzia ukatzen duten agintarientzat hausnarketarako arrazoi izan beharko litzateke, mendeetako esklabotzak Brasilen utzi duen aztarna biziaren oroigarri. Ez da izango, baina.