GARA
BILBO

Sarek deituta, espetxe politika aldarazteko ehunka urrats herrietan

Euskal Herriko hiri, herri eta auzoetan ehunka mobilizazio izan ziren atzo, Sareren «Izan Bidea» dinamikaren barruan. Ekimenak jarraitu egingo du «ahalik eta herritar gehienen parte-hartzea» lortzeko eta mobilizazioa indartzeko, «une historiko» honetan.

“Izan Bidea” dinamikaren barruan molde ezberdinetako mobilizazio eta ekimenak gauzatu ziren, atzo, ehunka herritan euskal preso eta iheslarien alde, Sarek bultzatuta.

Hiriburuetan eta udalerri batzuetan manifestazioak edota elkarretaratzeak egin ziren, baina beste askotan oinez egindako ibilbideak, mendi martxak eta bestelako ekimenak bildu zituen Sareren dinamikak, maila kolektiboan zein indibidualean aldarrikapenarekin bat egiteko.

Sare Herritarrak azaldu zuenez, dinamika maiatzean martxan jarri zenetik «milaka gara urratsak egiten hasi garen herritarrak, preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko pausoak emanez, elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko urratsak eginez».

Gogoratu zuten pandemian zehar eskubideen aldeko aldarrikapenak ez duela etenik izan; are gehiago, jakinik covid-19arekin espetxeetako egoerak okerrera egin duela eta bereziki zaildu duela bisitara doazen senideena. Horregatik, larri gaixo diren presoak kaleratzeko eskatu zuten, baita urruntze politikari amaiera emateko, «urgentziakoak eta beharrezkoak» diren urratsen artean.

Horiekin batera gradu-progresioa aplikatzea, zigorrak batzea eta bakartuak diren emakume presoak elkartzea planteatu zuten.

Sareren bozeramaileek nabarmendu zutenez, egoera zaila bada ere agertoki politikoari begira «une historiko baten aurrean aurkitzen gara», Euskal Herri mailan «gehiengo politiko, instituzional, sindikal eta sozialaren» adostasuna duelako salbuespen legediarekin bukatzeko eskaerak, eta aldi berean, bai Madrilen bai Parisen ere «espetxe-politika aldatzeko borondatea agertu dutelako aurreneko aldiz, nahiz eta egin diren urratsak, arnasgune izanda ere, nahikoa ez izan».

«Aukera aprobetxatu»

Testuinguru horretan kokatu zuten «aukera» hau «aprobetxatu beharra» eta izandako mobilizazioek eta norbanakoek hartutako erronkek bide horretan milaka herritar mugitzen ari direla erakusten dutela adierazi zuten. «Urratsez urrats, kilometroz kilometro, bidea gara eta bidean gaude», nabarmendu zuten atzo Saretik mobilizazioen garrantzia azpimarratzeko, eta urtarrilaren 9ko mobilizazio herritar erraldoia ekarri zuten gogora.

Gainera, esan zuten bezala, aurtengo egoerak ezinezko egingo du Bilboko kaleak betetzea, «baina berebiziko garrantzia du urtarrilean batzen garen dozenaka mila pertsona horiek guztiak kalera irtetea, urtez urte zabaltzen dugun konponbidearen aldeko mezua indar berberaz zabaltzeko».