Laburrean

Golak. Deportivori sartutako lau golei esker, Atleticoko Ludmilak Asllani (Real Madril) harrapatu du golegileen zerrendako lehen postuan: zortzina gol sartu dituzte guztira. Bigarren postuan dago Lucia (Athletic), sei golekin.

Nazioartekoa. Maite Orozen lesioa dela eta, Nerea Eizagirre Espainiako selekzioaren deialdian sartu da Moldavia eta Poloniaren aurkako partidak jokatzeko, Irene Paredesekin, Ainhoa Vicenterekin, Nahikari Garciarekin eta Lucia Garciarekin bilduz. Realeko Ana Tejada, bestetik, Espainiako 20 urtez azpiko selekzioak deitu du.

Bigarren maila. Alavesek Athletic B gainditu zuen (1-3) seigarren jardunaldiko derbian eta bigarrena da sailkapenean, Seagullek baino puntu bat gutxiagorekin, baina baita bi partida gutxiago jokatuta. Osasunak Espanyol B-ri irabazi zion (2-4) eta asteburuan Alaves hartuko du Tajonarreko derbian.

FIFA. Futbolariak babesteko neurri berriak ezarriko ditu; hain zuzen ere, haurdunaldiari zuzenduta. Asmoa gutxienez 14 asteko derrigorrezko baja ezartzea da, gutxienez soldataren bi heren mantenduz.

Lesioak. Berriro ere asko eta larriak. Sevillako Natalia Gaitanek eta Levanteko Carol Ferezek atzeko lotailu gurutzatua hautsi dute eta Vanina Correa Espanyoleko atezainak, peronea. Bakar batek ere ezin izango du gehiago jokatu aurtengo denboraldian.

Frantzia. Katotoren golari esker, PSGk Olympique gainditu (1-0) eta Arkema Ligako lehen postua kendu dio. 2016ko abendutik zeraman galdu barik OLek, orduan ere PSGren aurka.

Suedia. Lehen eta Bigarren mailako gizon futbolariek Federazioak ordaintzen dienaren erdia (490.000 euro) emango diete Damallsvenskako jokalariei, krisiak emakumezkoen Liga nabarmen jo duela ikusita.

NWSL. Lehen edizioaren arrakastaren ondorioz, NWSL Challenge Cup jokatuko da berriro apirilean. Maiatzean Liga hasiko da.