GARA
DONOSTIA

Fatxada moreak genero indarkeriaren kontra

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean mobilizazioak antolatu zituzten atzo Euskal Herriko udal, elkarte eta sindikatuek. Aurtengoan, bereziki gogoan izan zituzten pandemiaren aurkako borrokan lehen lerroan aritu diren emakumeak, osasun langileak edo hezkuntzakoak kasu. Bestalde, Hendaian, Herriko Etxeak emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko pankarta bat ezarri zuen lehen aldiz egoitzaren kanpoaldean.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna zela-eta, Euskal Herrian hainbat mobilizazio deitu zituzten atzo. Eguerdian, erakunde, elkarte eta sindikatuen txanda izan zen eta, arratsaldean, hiriburu zein udalerrietan, mugimendu feministaren deialdiei jarraiki, elkarretaratze ugari egin ziren.

Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko udalek adierazpenak argitaratu zituzten eta, Gasteizen, Arabako Foru Aldundia zein Batzar Nagusiak ere batu ziren mobilizaziora. Nafarroako Gobernuak ere adierazpen instituzionala onartu zuen eta bertan nabarmendu ezinbesteko garrantzia daukala generoagatiko desberdintasuna ezabatzeak, «indarkeria matxisten haztegi baitira».

Biktimei omenaldia eta aitortza egiteaz gain, gogoan izan zituzten pandemiaren aurka lehendabiziko lerroan lanean ari diren emakumezko guztiak: osasunean, saltokietan, hezkuntzan, etxez etxeko enpleguetan, eta abar.

2020. urtea amaitzeko hilabete eskas falta dela, lau emakume erail dituzte Euskal Herrian. Bestalde, azaroaren 25aren harira, Emakundek “Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko 2019ko datuak” izeneko txostena argitaratu zuen. Txostenak jasotzen duenez, 2019an Ertzaintzak emakumeen aurkako 5.518 indarkeria kasu zenbatu zituen EAEn, orotara 4.419 emakumeri eragin zietenak.

LAB sindikatua Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizatu zen. Lan eremuan protokolo espezifiko eta eraginkorrak aldarrikatu zituen indarkeria matxistarekin amaitzeko.

UGTk ere mobilizazioa egin zuen Bilboko bere egoitzaren parean eta Bizkaiko pentsiodunek ere protesta egin zuten, emakume pentsiodunek jasotzen duten pentsioa gizonena baino nabarmen baxuagoa dela deitoratuz.

Bilbon zein Donostian udaletxearen aurrealdea kolore morez argiztatu zuten atzokoan eta gauza bera egin zuen Gasteizko Legebiltzarrak ere. Azken horren esanetan, «sinbolo hori publikoki erakusteak berarekin dakar emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun eza oinarri duen era horretako indarkeriaren kontrako konpromiso aktiboa».

Bestalde, Duñike Agirrezabalaga Donostiako Udaleko Berdintasun zinegotziak azpimarratu zuenez, «krisiak eta konfinamenduak are gehiago larriagotu dute zoritxarrez emakume askok pairatzen duten egoera, eta haien zaurgarritasuna modu esponentzialean areagotu da».

Hendaiako pankarta

Hendaiako merkatuan goizeko hamarretan egin zen elkarretaratzearekin hasi zen egun osoan zehar Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herrietan egin ziren mobilizazioen itzulia. Lehen aldiz emakumeen kontrako indarkeria gaitzetsi eta nazioarteko egunarekin bat egiten zuela azaltzen zuen pankarta bat jarri zuen Hendaiako Herriko Etxeak udaletxearen kanpoaldean. «Ziur aski Ipar Euskal Herriko udal batek halako zerbait egiten duen lehen aldia izango da», jakinarazi zuen Bagera elkarteko Itziar Varelak.

Ipar Euskal Herriko mobilizazioen antolatzaileek zenbait datu eskaini zituzten. Horrela, Baionako deialdia egin zuen taldeak eskainitako datuen arabera, aurten 87 emakume hil ditu Estatu frantsesean indarkeria matxistak. Beste 213.000 emakumek bortizkeria fisikoa jasan dute, eta 94.000 emakume bortxatu dituzte gizonek edo bortxaketa saiakera bat pairatu dute. Datuen arabera, bortxaketen kasuan, soilik %12k jarri du salaketa epaitegietan.