GARA
ADDIS ABEBA

Ultimatuma agortuta, Etiopiako Armadaren azken erasoa Tigrayn

Atzo bertan amaitzear zen Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak armak uzteko Tigrayko agintari matxinoei igandean eman zien 72 orduko ultimatuma. Armada prest da jada Mekele Tigrayko hiriburuari erasotzeko. Guda guztietan bezala, zibilak izaten ari dira lehen biktimak. 40.000 lagunek ihes egin dute dagoeneko Sudanera.

Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak Eritrearekin eta Sudanekin muga egiten duen Tigray lurraldeko agintariei errenditzeko eman zien hiri egunetako ultimatuma agortu zen atzo.

Horrela, bada, TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontearen aurka iragan azaroaren 4an hasitako operazio militarra «fase erabakigarrienean» sartu da. Zenbait frontetan aurrera egin ondoren, Botere Federala prest legoke Tigrayko Mekele hiriburua jomugan azken erasoari ekiteko. Helburua TPLFko agintariak guztiz suntsitu eta Addis Abebaren kontrolpeko Administrazio berria eraikitzea litzateke.

Tigrayko presidentea den TPLFko buruzagi Debretsion Gebremichaelek argi eta irmo erantzun zion ultimatumari: «Gu printzipioak dituen herria gara eta bizia emateko prest gaude».

Mekelek 500.000 biztanle ditu eta azken egunetan herritar ugarik hiria utzi dute. Nazioarteko komunitatea eta giza eskubideen aldeko erakundeak beldur dira iheslari kopurua handitu egingo dela hurrengo egunetan. Jada 40.000 herritarrek ihes egin dute Sudanera. Hori gutxi balitz, Eritreatik ihes egin zuten 100.000 errefuxiatu daude Tigrayn eta beraien egoerak ere kezka sortzen du.

TPLFren sarraskia

Amnesty Internationalek aurreko astean salatu zuen sarraskian hildakoen kopurua 600 lagunetik gorakoa dela jakin dan. Sarraskia Tigrayko Maikadra herrian gertatu zen, baina ez zuen Etiopiako Armadak gauzatu, TPLFk baizik, zehazki Herri Fronteko Samri gazte erakundeak. Bertako Poliziaren babesa ere izan zuen gainera. Armada oso gertu zela ikusita, Poliziak 45.000 biztanleko hiria itxi eta makilekin, labanekin eta aizkorekin sekulako triskantza gauzatu zuten Samriko kideek tigrinyak ez diren amhara eta wolkait tribuetako herritarren artean.

NBEaren Giza Eskubideen aldeko komisario nagusi Michelle Bachelet ikaratuta agertu da bi aldeek erabiltzen duten «erretorika izugarri erasokorra» ikusita. Txiletarrak ohartarazi du «giza eskubideen haustura izugarrien aurrean» egon gaitezkeela. Asteartean Tigrayko gerrari buruz lehen aldiz eztabaidatzeko biltzekoa zen NBen Segurtasun Kontseilua, Hegoafrikak eskatuta. Hala ere, Cyril Ramaphosa presidente hegoafrikarra buru duen Afrikako Batasunak denbora gehiago eskatu du bitartekaritza lana egiteko. Addis Abeban egoitza duen Afrikako Batasunak bitartekari bereziak izendatu ditu: Joaquim Chissano Mozambikeko presidentea, Ellen Johnson-Sirleaf Liberiakoa eta Kgalema Motlanthe Hegoafrikakoa.

Tigrayko Gobernuaren bozeramaile Redwan Husseinek negoziatzeari uko egin dio, «agintari afrikarrei zor diegun errespetuagatik beraiekin hitz egiteko prest baldin bagaude ere». Etiopiako Gobernuak ere uko egin dio akordio bat bilatzeari.

Bestalde, nabarmendu beharra dago oso zaila dela benetan gertatzen ari denari buruz berri fidagarririk lortzea, gatazka hasi zenetik Tigray guztiz bakartuta dagoelako. Liskarretan hildakoak ehunka direla jakina da, baina ez dago kopurua zehazterik.

TPLFk Etiopiako Armadako batailoi oso bat suntsitu zuela aldarrikatu zuen astelehenean. Era berean, Tigray ondoan kokatutako Amhara eskualdeko hiriburura, Bahir Darrera, misilak jaurti zituela iragarri zuen. Kontuan izan behar da Amharako miliziek Armada Federalarekin bat egin dutela Tigrayren kontra.

Addis Abebak ziurtatu duenez, ultimatuma agortzear dagoen uneotan Tigrayko hainbat borrokalarik eta indar espezialek amore eman dute.