Amaia EREÑAGA
DURANGO

2.300 kultur produktu prest, Durangoko Azokako sareko dendan

Durangoko Azokak 2.300 produktu jarriko ditu salgai «online» abenduaren 4tik 8ra. Historikoki gure kulturaren erakustokia, euskal zaletasunaren topagunea eta hein handi batean sektorearen euskarri ekonomikoa izan denak, sekula amestutako jauzirik ausartena eta arriskutsuena egingo du aurki hasiko den 55. edizioan. Osasun larrialdiak behartuta, Gerediaga elkartea azoka berezienaren aurrean dago. Atzo, xehetasun ugari eman zituen jakitera.

Landako guneak ez du ohiko itxura izango aurten, erabat aldatuta azalduko baita 2020. urte latz honetako abenduko lehen asteburuan. Ohiko argitaletxeen, diskoetxeen eta elkarteen stand edo salguneen ordez, eta osasun larrialdi egoerak horrela behartuta, euskal kulturaren aurtengo uztak Durangoko Azokaren webgunera egingo du jauzia. Bertan, webgunea izango den plaza birtual horretan, egongo dira ikusgai eta salgai 2.300 bat produktu kultural.

Hori bai, Landako ez da hutsik geldituko, umezurtz –pixka bat bai, agian, Azoka topagune soziala ere badelako–, bertan kokatu den biltegitik aterako baitira erositako liburu eta diskoak, postaz eta zazpi haizetara.

Azokan salgai dauden 2.300 produktu horien katalogoa atzo arratsaldetik kontsulta daitezke webgunean –sortu ziren arazo teknikoak saihestu ahal izan bazituzten, bederen–. Bertan kuxkuxeatu, hautatu eta egindako aukeraketa gorde daiteke. Abenduaren 4tik aurrera erosi ahal izango dira egunotan aukeratutako produktuak.

Salgai dauden produktuak Landakon atontzen ari diren modulu batetik aterako dira. Aurrez aurre, modulua, bizkarrean, kultur ekitaldi presentzialak hartuko dituen espazioa; horrela aurkeztu zuten atzo Gerediaga elkartekoek komunikabideen aurrean hainbat lan, buruko min eta esfortzu eragin dizkien apustua.

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak herritarrei eskatu zien moduan, Azoka beste modu batera bizi beharko dugu aurten. «Durangon, zure herriko aretoan edo etxean, goza ezazue aurtengo Azoka. Hartu tarte bat online denda kuxkuxeatzeko eta egin klik, eskuratu euskal kultura. Ez dadila Azokaren taupada eten, ezta euskal kulturarena ere», Nerea Mujikaren aldarria.

Web orrialdean, kultur uzta

Aurten sortutako 852 nobedade izango ditugu eskura webgunean; zehazki, 636 liburu, 100 musika produktu, 44 aldizkari eta bestelako 72 produktu (ikus-entzunezkoak, jokoak, papergintza...). Guztira, 2.300 produktu erosi ahal izango dira “euskal Amazon” baten antzekoa izango den atari erraldoian –ez du benetako Amazonekin zerikusirik, noski, helburua ez baita ekonomikoa soilik–. Formula aldatzeko beharrak ez omen du eraginik izan partaide kopuruan, euskal ekoizleek ez baitiote hutsik egin Azokaren edizio arriskutsuenari. Guztira 185 parte hartzailek (diskoetxeak, argitaletxeak, elkarteak, autoekoizleak...) eskainiko dituzte online dendan beraien produktuak.

Erosketak abenduaren 4tik –ostiraleko goizetik– abenduaren 8ko gauerdira arte egin ahal izango dira. Dagoeneko “desioen saskia” bezala definitu dena osatuz joan daiteke, Azokaren denda martxan jartzen den unean erosi ahal izateko. Ordainketa egiten lehenengo mila erosleei, aurtengo kartel ederraren irudiarekin egindako poltsa berezia bidaliko diete doan, erosketarekin batera. Eta, iragarri zutenez, 45 eurotik gorako erosketa guztiek ez dute bidalketa-gasturik ordaindu beharko. Hortik behera bai, noski.

Jaso eta berehala egingo dira erosketen bidalketak, baina Azoka egiten diren egunak jaiegunak izanik, batez beste bi eta lau egun artean kalkulatu beharko dira erosketa etxera iritsi orduko. Kontuan izan behar dira, era berean, distantziak.

Bi aukera

Arantza Atutxa Gerediaga elkarteko kudeatzaileak gogoratu zuenez, Durangoko Azoka ez da salerosketarako gune hutsa. Azoka euskal kulturaren erakustokia da betidanik, oso plaza garrantzitsua gainera.

Hori dela eta, Durangon bertan ehun kultur ekitaldi egingo dira abenduko zubian. Bi kokagune izango dira soilik Durangon: Landako Gunea eta Plateruena. Plateruenan diskoen aurkezpenak egingo dira, kontzertu formatuan, abenduaren 5etik 8ra bitartean, 10.30etik 21.00ak arteko ordutegian. Guztira 37 musika talde igoko dira taula gainera.

Landakon, aldiz, gainerako jarduerak egingo dira. Goizetan, familientzat prestatutako ikuskizunak batez ere; ondoren, gai desberdinei eta aktualitateari lotutako mahai-inguruak. Goizez eta arratsaldez, literatur solasaldiak eta liburuen aurkezpenak egingo dituzte.

Aurrez aurre bi modutan jarraitu ahal izango da Azoka. Batetik, aipatu bezala, Durangon bertan. Baina hori Durango eta inguruko herritarrek besterik ez dute egin ahalko, gainera edukiera murrizketekin (50 lagun Plateruenan eta 80 Landakon). Bertan egoteko aurretik gonbidapenak erreserbatu behar dira webgunean; sarrerarik ezean, hobe Landakora ez hurbiltzea. Bestetik, sarean, streaming bidez. Azoka telebistako kidea den Oihane Agirrek azpimarratu zuen bezala, «bi streaming kanal egongo dira martxan webgunean; bata Landako guneari dagokiona, eta, bestea, Plateruenari. Bada, bertan, egunero 10.30etatik 21.00ak arte Azoka ikusi, entzun eta gozatu ahal izango duzue».

Egunon eta Azokari lotuta, Durangotik kanpo ere jarduerak antolatu ditu Azokak “Zu non, han DA!” lemapean. Euskal Herriko zortzi herritan (Amurrio, Atarrabia, Azpeitia, Bermeo, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Ondarroa) kontzertuak egongo dira, 32 musika talderen parte hartzarekin. Sarrerak salgai daude Azokako webgunean.

Irekiera eta itxiera

Urtero bezala, Durangoko Azokako lehenengo eguneko goizean, hau da, ostiralean, haurrak eta ikasleak izango dira egitarauaren protagonista nagusiak. Birtuala izango da lehen eguna, eta Euskal Herriko ikastetxe guztiek jarraitu ahal izango dituzte hainbat tailer online (ez da beharrezkoa aldez aurretik izana ematea).

Ondoren, Oihan Vegak eta Oizeder Mayo kazetariek sortzaile ezberdinekin elkarrizketa saioa bat gidatuko dute (hau ere online); Liher musika talde donostiarra, Kai Nakai abeslaria (iaz Azokako bigarren sormen beka irabazi zuen sortzailea), eta Erika Elizari eta Aitor Arana idazleak, hain zuzen ere. Goiz horretan, San Agustin kulturunea bigarren urtez musika industriaren topagunea izango da (15 taldek eman dute izena).

Eta arratsaldean, aurtengo nobedade bezala, Azokaren inaugurazio ekitaldia egingo da. 18.00etan jarri dute ordua, eta bertan hainbat sortzailek hartuko dute parte: Eñaut Elorrietak, Kirmen Uribek New Yorketik online eta Bagara dantza talde durangarrak. 19.30etik aurrera, berriz, Kai Nakairen kontzertua, festa giroan lehen egunari amaiera emateko.

Abenduaren 8an, bestalde, hau da, Azokako azken egunean, “Taupadaz taupada” ikuskizun berezia prestatu dute Landako gunerako. 12.00etan hasiko da Miren Amuriza, Amancay Gaztañaga, Antton Telleria eta Maite Arroitajauregi Mursego-ren parte hartzearekin.