Dabid LAZKANOITURBURU

Estatu kolpe saiakerarekin lotuta ehunka biziarteko zigor Turkian

2016an izan zen estatu kolpe saiakeraren auzian epaiketa potoloena amaitu zen atzo Turkiako hiriburuan. 300 pertsona baino gehiago dira bizi osoa kartzelan eman beharko dutenak, tartean hegazkin pilotuak, ofizialak eta Gulen predikariaren anaiarteko buruzagiak.

Ankarako Auzitegiak biziarteko espetxe zigorra ezarri die 337 akusaturi 2016ko estatu kolpe saiakeran parte hartzeagatik, tartean hiriburuan Parlamentua eta beste hainbat eremu estrategiko bonbardatu zituzten 11 hegazkin militarren gidariei. Guztira 77 hiritar hil zituen erasoa egin zutenek ez dira hil artean kartzelan egon beharko duten bakarrak. Recep Tayip Erdogan Turkiako presidentea kargutik kentzeko 2016ko uztailaren 15eko eta 16ko estatu kolpe saiakera antolatu zuten ofizial militarrak eta Fetulah Gulen predikari islamiarraren ordenako hainbat buruzagi ere kondena handienarekin zigortu dituzte.

Gulen eta bere Hizmet anaiartea (Opus Deirekin aldera daitekeena, islamiarra, hori bai), Erdoganen oso gertukoak ziren hasieran. Are, anaiartearen lanari esker iritsi ahal izan zen boterera 2002an presidentearen AKP alderdi islamista. Urteak igaro ahala, ordea, etsaitu egin ziren Gulen eta Erdogan, Gobernuak beldurra baitzion Hizmet anaiartea hartzen ari zen botere gero eta handiagoari. Gulen predikaria AEBetan erbesteratu zen azkenean. Ordenak Administrazioan, Armadan... adar luzeak eraiki zituen eta Gobernuak estatu kolpea diseinatu eta aurrera eramateko horiek erabili izana leporatzen dio anaiarteari.

Kartzela baldintza gogorrenak

Epaileek ontzat eman dituzte fiskaltzaren argudioak. Horrela bada, «Konstituzioaren agindua hankaz gora jartzeko saiakera», «presidentea erailtzeko saiakera» eta «hilketak» egotzi dizkiete biziarteko kartzela zigorra ezarri dieten akusatuei. Gainera, kartzelan baldintzarik gogorrenak pairatu beharko dituzte, 2004an bertan behera utzi zen heriotza-zigorra ordezkatu zuen lege zorrotz bat aplikatuko baitzaie. Beste 60 akusaturen aurka dozenaka urteko kartzela zigorrak agindu ditu epaitegiak. 75 lagun, berriz,libre utzi ditu. 500 pertsona baino gehiago eseri ziren akusatuen aulkian atzo amaitu zen epaiketan. Horretarako, auzitegi-egoitza berezia eraiki zuten Sincaneko kartzelan, Ankarako probintzian.

Kolpe saiakerak porrot egin ostean, Gobernuak Turkiako historia garaikide odoltsuak orain arte ezagutu duen garbiketa-kanpaina handiena abiatu zuen, oraindik ere amaitu ez dena. Dozenaka mila pertsona atxilotu dituzte dagoeneko eta 140.000 pertsona lanetik bota dituzte. Egun sarekadak gutxitu badira ere, noizean behin atxiloketak eta purgak izaten dira.

Atzokoa estatu kolpearen auzian epaiketa nagusia izan zen. Uztailaren 15eko gauean Ankarako Akinci aire-basean, saiakera egin zuten militarren egoitza nagusian, gertatu zena epaitu zen hain zuzen ere. Orduko Armadako Estatu Nagusian agintari eta egun Defentsa ministroa den Hulusi Akar eta beste goi kargudun militar batzuk bahitu egin zituzten. 251 hildako eta 2.000 zauritu baino gehiago eragin ondoren, saiakerak porrot egin zuenean askatu zituzten. Bitartean, F-16 ehiza-hegazkinek Turkiako Parlamentuari, Presidentetzako Jauregiari, indar berezien kuartel nagusiari eta Poliziaren egoitzari eraso egin zieten.

Baina atzoko epaiketa ez da ez lehena ezta azkena ere. Beste 289 prozedura amaitu dira jada eta egun beste 10 martxan daude oraindik. Garrantzitsuena estatu kolpe saiakeraren gauean presidentearen zaintzaren inguruan izan zen liskarra du jomugan. 520 auzipetu daude.

Auzitegiek jada 4.500 pertsona zigortu dituzte, horien artean 3.000 biziarteko kartzela zigorrarekin. Kalifornian dagoen Gulen, Ankararen iritziz saiakeraren operatiboaren arduraduna izan zen Adil Oksuz teologia irakaslea eta anaiarteko beste lau goi agintari ere epaitzen ari dira, guztiek ere ihes egitea lortu zuten arren. Turkiak behin eta berriz exijitu die AEBei Gulenen estradizioa. Alperrik.