GARA
DONOSTIA

Idoia Martinezi 3. gradua, preso bat Iruñera eta beste lau gertuago

Aurreko astean bezalaxe, honetan ere lau euskal preso gerturatuko dituela jakinarazi du espainiar Gobernuko Espetxe Zuzendaritzak, bai eta beste bi Euskal Herriratuko dituela ere, horietako bati hirugarren gradua onartuta, lege borrokaren ondorioz. Murtziatik Logroñora lekualdatuko dute Josetxo Arizkuren eta hirugarren gradua onartu diote Idoia Martinezi. Asturiaseko Villabonan da orain eta Zaballara ekarriko dute.

Murtziatik Logroñora lekualdatuko dute Josetxo Arizkuren gaixorik den presoa eta bost espetxeratu gehiago hurbildu edo Euskal Herrira ekarriko dituzte. Jada 21 urte eman ditu espetxean Arizkurenek eta gaixotasun larria garatu du bertan. Murtzian bertan erietxera eraman behar izan zuten 2018. urtean, bihotzeko arazoak direla eta. Hemendik aurrera Logroñon beteko du zigorra, bigarren graduan, Espetxe Zuzendaritzak azaldu duenez.

Idoia Martinezi hirugarren gradua onartu diote. Asturiaseko Villabonan da orain eta Zaballara ekarriko dute. EPPK-ko hiru preso baino ez daude Arabako kartzelan, Kolektiboak onetsitako ekimenak toki hori erreferentziatzat jo zuen arren. Beste emakume bat bere hirira, Iruñera, eramango dute: Olga Comes, orain arte Villabonan bertan giltzapetuta izan dutena. Joanes Larretxea Herrera de la Manchatik Asturiaseko Villabonara lekualda- tuko dute; Jon Gurtubai, Puerto de Santa Mariatik Zaragozako Darocara, eta Guillermo Merino, Valentziatik Zuerara.

Bestalde, asteazkenean Larresoro eta Baiona artean Polizia frantsesak kontrol batean atxilotutako Oier Oa donostiarra aske gelditu zen atzo, baina oraingoz ezin izango du Ipar Euskal Herrian bizi. 2015eko uztailean aske geratu zenetik Larresoron bizi da bere emazte eta hiru semeekin eta Baionako Bernat Etxepare lizeoan lan egiten du.

Bestetik, Jakes Esnal (70 urte) Lannemezanera eraman dute. Xistor Haranburu hilaren 24an aske geratu ostean, Saint Martin de Reko espetxean, jaioterritik 411 kilometrora, zegoen euskal preso bakarra zen.