Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA

Antton Valverdek «lagun askoren poesiak» musikatu ditu bere azken diskoan

«Gaua. Ausentziaren itzala» lana kaleratu berri du Antton Valverdek bere lagunen 13 poesia musikatuta. Pandemiaren aurretik diskoak forma bat zuen, baina itxialdiak erabat aldatu duela dio.

2020an gertatu den kontu oro covid-19ak baldintzatu duela esan daiteke, hanka sartzeko beldurrik gabe. Kasu honetan, Antton Valverdek disko berri bat kaleratu du, baina onartu du pandemiaren aurretik forma bat zuela eta orain beste modu batera ikusi duela argia. Hala, “Presentzia” titulua izan behar zuen lanak “Gaua. Ausentziaren itzala” izenburua hartu du, eta 10 kantu izan beharrean 13rekin kaleratu da. Grabaketa itxialdia ezarri zutenean egitekoa zen, baina azkenean atzeratu eta Harkaitz Canoren beste hiru poesiak ondu dute Valverderen lan berria, seigarrena bakarlari gisa.

50 urtetik gora bete ditu donostiarraren musika ibilbideak eta bere bakarkako azken lanetik «denbora asko» pasatu dela gogoratu zuen Elkar argitaletxeak diskoaren aurkezpen ekitaldian, Donostian; izan ere, hori 2007. urtean argitaratu zen “Charles Bordes. Hamabi amodio kanta” izenburupean.

Bere ibilbidea errepasatzean, beti izan ditu poesia idazleak alboan −dela Oteiza, dela Lizardi dela Xabier Lete−. Valverdek berak onartu zuen «bakarlari» gisa egin duen ibilbidean ere Lete izan duela bidelagun. Hain zuzen ere, lan berri honetan Oiartzungo poetaren beste bi lan musikatu ditu. Canoren lau poesia, aipatu Leteren bi, “Buhamejaunaren Pheredikia” poesia herrikoia eta Juan Kruz Igerabide, Elisa Rueda, Xalbatore Mitxelena, Lauaxeta eta Bitoriano Gandiagaren lan bana musikatu ditu.