Jon GARMENDIA
Idazlea

Hernaniko aberria

Egun, gauza gutik ematen dit etxetik urrun egon denaren itzulerak adina poz. Eta poza handitu egiten da itzulitakoa laguna denean. 23 urteren ondoren, gibelean utzi ditu burdinazko barroteak Asier Ormazabalek; 28 dira etxetik joan zela, Burgosko Prozesutik pasa den denbora erdia baino gehiago adibidez, eta Hernanin da berriro, etxean. Nola berreskuratu galdutako guztia, nola kontatu bere egun bakoitza, zeri helduta? Nola kontatu hurbilekoen galera guztia? Eta horrela luze, luzeegi. Galderak pilatzen ari zaizkigun herria da gurea, eta bizitza bat baino gehiago behar da horiei guztiei erantzuna emateko. “Patria” asko daude idazteko oraino; justuki, telesaila ikusten hasi naiz, tentazioari ezin eutsita. Hori bai, ez galdetu ene iritzia, ez dut ekarpenik egiteko. Hernanin inspiratu zen Fernando Aramburu fama eman dion liburua idazteko, eta, tira, herri horretan hazia naiz; amak eta aitak esnea partitzen zuten auzoko aldapak bide bazterretan tiroa emanda uzten zituztenen izena dauka. Gerraosteko miseria bizi zutenen egunerokoa zekarten gurasoek, elikadura falta, baina elkartasun eta borrokaren aitortza egin zioten Hernaniri beti. Zenbat sufrikario gerra zikinarekin, zenbat euskal militante hilik. Uste dut hori ez dela anitz agertu. Dakidana da atzotik zoriontsuagoa dela Hernani.