Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Entusiasmoa

Remedios Zafra idazle eta pentsalaria, “El entusiasmo” liburuan (Anagrama, 2017), sortzaile eta artisten gogo biziaz ari zaigu, eta horrekin lotuta agertzen den prekaritateaz. «Kultura mundua lanaldi partzialeko laguntzaileekin mantentzen da» esaldiarekin, segur aski, sormenaren munduan eta lan artistikoetan aritzen den jende asko identifikatuko da; izan ere, profesionalki sormenaren bidetik aritu nahi duen pertsonak bizirauteko bestelako diru- iturri osagarria bilatu beharko du.

Zergatik orduan halako grina, prekaritatean egonik ere, kantak, ipuinak, antzezlanak, dantzak edo margolanak sortzen jarraitzeko? Zafrak gogo bizia, entusiasmoa, aipatzen du horren ezinbesteko motortzat. Grina hori, ordea, kulturaren merkatuak bere interesen onerako erabiliko du. Eta beharrezko espazio eta denboraren ordez, presa izatearen asmakizun kapitalista ezarriko du.

Ipuinetan denbora eta espazioa elastikoak dira. Kontalariaren irudimenean presak ez du lekurik. Grinak bai, ordea. Istorio bat kontatzeko gogo biziak hartzen du kontalaria; eta nork entzungo dion behar du. Orduan merkatuarekin egingo du topo. Merkatuak etengabeko aldaketak eskatuko dizkio, ziztu biziko mugikortasuna, non istorioa merkantzia hutsa den. Kontalariak ez du astirik izango istorioari denbora emateko, bere baitan bidea egin dezan. Agian, pentsatzen hasiko da egiten ari dena simulakro bat besterik ez dela, non bera kulturaren merkatuan engranaje bat besterik ez den. Engranaje horren piezarik ahulena, baina entusiasmoz egina.