Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Triptikoaren hirugarren hegala

«Nola gorde errautsa kolkoan» (Susa) liburua idatzi du Miren Agur Meabek, «Kristalezko begi bat» eta «Hezurren erretura» aurreko bi lanekin erabateko lotura duena. Bizitza nola kudeatu dago funtsean. Nobela lehendabizikoa, narrazioa bigarrena eta poesia hirugarren hau. Triptikoa itxitzat eman du. Sei atalen bidez, bidaia sakona proposatzen du egileak, memoriaren kutxatik abiatu eta poesiaren gainean egindako poesiarekin amaitzen dena.

«Kolkoa ez da gorputza, izatekotan gorputzaren parte inorganiko moduko bat da, arroparen eta azalaren arteko txokoa, guztiz geurea izan arren ez dena ez haragi, ez hezur, ez ehun», hausnartzen du Miren Agur Meabe idazleak denok dugun espazio intimoaz. Eta espazio pribatu horretan jarri du erantzuten zaila, akaso ia ezinezkoa, den galdera. Prozesu baten emaitza da “Nola gorde errautsa” (Susa) poesia liburua, gaur sortua baina erabateko lotura duena iraganean egin dituen liburuekin. Egileak ez dio horri bizkarra eman; alderantziz, ezin izan du haietatik askatu. Horregatik, bere lan berriaz mintzatzeko, ezinbestekoa suertatzen da aldez aurretik egindakoak aipatzea.

Eta bitxia da, baina kronologiak zenbaki borobilak itzultzen ditu. 2000. urtean argitaratu zuen Susa argitaletxearekin ere “Azalaren kodea” poesia liburua, eta hamar urte beranduago ailegatu zen “Bitsa eskuetan”, genero berean landutakoa. Beste hamar urte igaro direnean iritsi da atzo aurkeztu zuen izenburua. Poesiaz ari gara orain ere. Aurrekoekin elkarrizketan ari den liburua da, eta ibilbide moduko bat dago: azala, eskuak, begiak, hezurrak, kolkoa.

Harremanak, ordea, are estuagoak dira “Kristalezko begi bat” (2013) eta “Hezurren erretura” (2019) izenburuekin. Nobela. Narrazioak. Poesia orain. Eskola egunetako oroitzapenak daude, palmondoa, iratzartze sexuala, kristalezko begia, ama, zahartzarorako bidea, maite-lagunaren galera, katua, abandonua…

Ibilbidea memoriaren kutxan abiatzen da, album batean. Gero eramango gaitu genealogia femeninoetara (fikziozkoak zein hezur-haragizkoak diren emakumeengana hurbilduz), errealitatearen bidaiaren alegoriara, indarkeria, zapalkuntza, eta horien gaineko ardura pertsonaletara gero… dolua eta heriotza datoz ondoren eta amaitzeko literaturaren gaineko poesia jasotzen du. Liburua izenburuko galderari ikuspuntu ezberdinetatik heltzeko saiakera bat da, Leire Lopez Ziluaga editorearen hitzetan.

Errimak, sinbologia

Obra berrian bere ibilbidean duen kokapenaz hitz egiten duela aitortu zuen Meabek. “Kristalezko begi bat” lan hartan idazketa baratzea lantzearekin alderatu zuen, eta bertan erretzen ziren belarrez. Sasien erretze hori izan zen ondoren etorri zena, “Hezurren erretura”. Triptikoa azaleratu zen berriro. «Zerbait egin beharra dago su metak utzitako errautsekin. Maila praktikoan lurra ongarritzeko da, baina maila metaforikoan sormena elikatzeko baliatu ditut. Ondorioz sortu da liburu hau. Hirugarren hegala. Lehenago izan bazena eta orain ez dena, edo beste zerbait dena onartzeko ariketa bat da. Urteen joanak eta esperientziek sendotu egiten dituzte onarpenaren oinarriak. Horregatik, ‘nola gorde errautsak kolkoan’ esatea edo ‘bizitza kudeatu’ esatea gauza bera da», esan zuen.

Atal sozialak eta heriotzaren dolua, eta poesiaren gainean egindako poesiak osatzen dute gainerako mamia. Aniztasun formala du, poema batzuk postalak dira, asko prosan idatziak daude, badaude koplak eta haikuak, eta errimak ohi baino markatuagoak sortu ditu. Batzuetan edukia ponpoxoago bihurtzeko erabili ditu eta besteetan edukiari eusteko. Sinbologian bai, irakurleak betiko Meabe topatuko du.