Amaia U. LASAGABASTER
ATHLETIC

Talentuan eta lanean konfiantza berreskuratu nahi du Iturregik

Teknikari bizkaitarrak Lezaman lehen lan-saioa zuzendu eta aurkezpen ofiziala egin zuen San Mameseko prentsa aretoan.

Historian lehen aldiz, emakume batek zuzenduko du Athleticen lehen taldea. Eta, gainera, zuri-gorrien historiaren parte nabarmena den emakumea da. Hain zuzen ere, hamalau denboralditan 402 partida jokatu zituena eta ondoren Lezamako barrualdeak sakon ezagutu dituena: Iraia Iturregi.

«Estamentu guztietatik pasatu da –azpimarratu zuen Joseba Agirrek, San Mamesen egindako aurkezpen ofizialean–; jokalaria, kaptazioa, alebinak, bigarren taldea, lehen taldea… Kluba goitik behera ezagutzen du». Izan ere, «hobetoen trebatuta dagoena» izatea da Angel Villacamparen kargugabetzeak utzitako kargua berari eskaintzea. «Denok genekien lehenago edo geroago lehen taldeko entrenatzailea izango zela –esan zuen Arregik–. Plan estrategikoan ere horrela zegoen diseinatuta. Futbolean askotan zaila da une egokia aukeratzea, baina argi daukagu ongi trebatuta dagoela. Ontzia ondoen gidatu dezakeen pertsona da».

Ados dago Iturregi bera unearen egokitasunari buruz hitz egitean. «Agian beste une bat aukeratuko nuke –aitortu zuen–, denboraldi hasieran, pixkat bat geroago, zerotik hasita… Baina une perfektuak askotan ez dira existitzen. Unea hau da eta errealitateari aurpegira begiratu behar zaio. Batzuen ustez, ‘marroi’ bat izan daiteke, baina Athleticen entrenatzailea izatea pribilegio bat da». Gainera, «aldagelan pertsona-talde zoragarri bat» dagoela uste du. «Pertsonalki eta kirol-mailan ezagutzen ditut, badakit zoritxarraren aurrean inoiz ez dutela amorerik emango eta, bestetik, talentu handiko jokalariak direla. Agian, ez daude beren une onenean, baina egoerari buelta emango diogulakoan nago, konfiantza osoa daukat».

Izan ere, aldagelan egindako lehen berbaldian konfiantzak duen garrantzia azpimarratu zuen. «Gaur goizean Lezamara joan naiz; lehenik eta behin, Angel Villacampa agurtzera. Oso harreman ona izan dut berarekin, errespetu handia diot, zortea opa diot eta berak niri ere bai, eta ondoren taldearekin hitz egitera sartu naiz. Batez ere, duten talentuan sinistu behar dutela azpimarratu diet. Benetan zer nolako jokalariak diren ikusi eta sinistu, konfiantza izan. Eta konfiantza lanarekin heldu behar dela ere esan diet. Beti uste dugu konfiantza emaitzekin heltzen dela, eta argi dago laguntzen dutela, baina hori sinistea arriskutsua da. Lanean oinarrituta etorri behar da».

Aitor Elizegik, bere aldetik, Iturregik pizten duen «ilusioa azpimarratu zuen. Villacampa kargutik kentzea oso «erabaki gogorra» izan dela aitortu eta Mantxako teknikariak egindako lana goraipatu eta eskertu zuen. Antzeko mezua jaurti zuen Joseba Agirrek. Villacamparen lana ona izan dela uste duen arren, «egoera honetan erabaki bat hartzea beharrezkoa» zela adierazi zuen, «zuhaitza astindu, dinamika aldatzeko».