Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren kartutxoak

Kartutxoak gora, kartutxoak behera. Lankide batek ez du aukerarik galtzen kartutxoa sartzeko sustapen kanpainei laguntzeko, “azken” kartutxoei errentagarritasuna atera nahian. Azken kartutxoak, ordea, ez dira azkenak, beste berri batzuk datozelako ia beti, azken hatsa ailegatu arte. Beraz, kartutxoak berdin aukerak. Xabier Leteri maileguan hartu diodan esaldiak ongi azaltzen du: “Sortuz ta sortuz gure aukera, atsedenik hartu gabe”. Aukerak atsedena hartzea ez da komenigarriena, aukerek ez dutelako atsedenik; atsedena azken zizpuruak baino ez dakarrelako. Aukerak sortu egin behar direla esango zuten situazionistek. Aukera berriak sortu. Musikariek euren diskoak, zuzenekoak eta proiektuak ikusgai jarri nahi dituzte, eta horretarako sareak maizago erabiltzen dituzte zaleenganatzeko. Zer pentsatuko du musikari batek zale gutxi erakartzen dituenean, kantuek ez dutenean publikoaren babesik, edo garai batean jasotako maitasunak ez duenean egun sugarrik sortzen. Nortaz edo zertaz goganbehartuko da musikaria, ezbaian jarriko du jendaurrean kantuek ez dutela erakargarritasunik? Normalean autokritikak ez ditu partekatuko sarean, pentsatuko du promozio kanpainek ez dutela igarri nondik jo behar zen. Aukerak galarazi dizkiotela aitortuko du, errua edo ardura beste batzuen bizkarrean jarriz. Aukera asko daude, tartean alboratu eta tokia uztea hurrengo artistei, nahiz kantuak probetxugarriak izan. Zein musikarik aitortuko du besteen kantuak baino “eskasagoak” direla bereak? Aukeren aukeraketa dago, kartutxoa.

Zenbat kartutxo erabiltzen dira promozioan?