EDITORIALA
EDITORIALA

Mugaren itxierak agerian utzi du burujabetza premia

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak atzotik aurrera zortzi muga-pasabide itxiko zituela jakinarazi zuen asteartean. Erabakia «terrorismoaren aurkako borrokaren» testuinguruan kokatu zuen, gogora ekarriz 2020. urtearen amaieran mugako kontrolak berrezarri zirela. Ohi denez, erabakia Frantziako Barne Ministerioarekin eta Espainiako Gobernuak Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dituen ordezkariekin hitzartu zen, Euskal Herria eta bere instituzio propioak existituko ez balira bezala.

Erabakiak eta gobernuek izandako jokabideak haserrea piztu dute herritarren artean. Asteazkenean bertan Ipar Euskal Herriko hainbat auzapezek beren haserrea adierazi zuten. Era berean, itxierak herritarrei eguneroko bizitzan sortzen dizkien eragozpenak salatu zituzten. Ildo berean, Euskal Mankomunitateak agiri bat kaleratu zuen argi eta garbi utziz indartu nahi den mugaz gaindiko lankidetzaren guztiz aurkakoa dela erabakia. Egoera ikusita, EH Bilduk eta EH Baik protesta ekitaldi bat deitu dute larunbaterako Santiago zubian. Bistan da erabakiak egonezina piztu duela Euskal Herrian. Aldi batetik, eguneroko bizitzan duen ondorio zuzenagatik, baina, bestetik, baita estatuek bertako instituzioekiko erakutsitako mespretxuagatik ere; ez dituzte ezertarako kontuan izan tokiko ordezkariak.

Estatuek edozein aitzakia erabiltzen dute euren presentzia erakusteko, muga indartuz euskal herritarren eguneroko bizitza zailtzeko eta mugaz gaindiko harreman naturalak oztopatzeko. Pandemia izan edo «terrorismoaren aurkako borroka» izan, edozein zuribide baliagarria da muga uniformez betetzeko. Noiz eta euskal herritarrontzat muga gero eta birtualagoa bihurtzen ari den honetan, bere izaera artifiziala gero eta ageriago geratzen ari denean. Eragozpenak sortzen dituzte, baina, aldi berean, estatuen indar erakustaldiak argi erakusten du subiranotasuna berreskuratzea beharrezkoa dela nazioa antolatzeko eta kanpo injerentziak behin betiko saihesteko.