Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Biluzik

Hans Christian Andersenen “Enperadorearen jantzi berria” istorioan kontatzen zaigu behin bazela enperadore handiuste bat, bi adarjotzailearen amarruan erori, eta azkarrenek bakarrik ikus zezaketen jantzia soinean zeramala sinetsita, bere mendekoen aurrean biluzik agertu zena. Herritarrek, ordea, ez zioten enperadore harroputzari gertatzen ari zena jakinarazi nahi. Aitzitik, enperadorea ergel baten moduan agertu ez zedin amarruarekin jarraitu zuten eta, bai, existitzen ez zen jantzia goraipatu zuten. Ume batek bakarrik izan zuen enperadoreari bere biluztasunaren berri emateko ausardia. Une horretan eurak ere amarruan erori zirela ohartu ziren herritarrak, baina enperadoreak prozesioarekin jarraitu zuen umeak esandakoari ezaxolaz.

“Enperadorearen jantzi berria” ez da Andersenek sorturikoa. On Juan Manuelen “Libro de los ejemplos del Conde Lucanor y de Patronio”-n agerturiko istorio batean oinarriturik dago (Andersenek istorioaren alemanezko itzulpena ezagutzen zuen), eta On Juan Manuelen lanean, berriz, Esoporen eta Persiako fabulen eragina antzeman daiteke. Bere burua barregarri utzitako enperadorearen kasua historian errepikatu egiten den fenomenoa da, alegia. Eta errepikatu egiten da ere enperadorearen “eromenari” aurre egin beharrean hura elikatzen duten herritarren kasua. Nago, ordea, istorioan ez bezala, errealitatean herritar askok jantzia existitu egiten dela sinesten dutela hura ikusteko gai ez izan arren.